Udalak bat egin du arratsaldeko elkarretaratzearekin
Mugimendu feministak deitu duen elkarretaratzearekin bat egin du Oiartzungo Udalak. Udaletxeko balkoian puntu moredun bandera jarri dute.
Oiartzungo Feministen Asanbladak elkarretaratzea deitu gaur arratsalderako (18:30ean, Done Eztebe plazan), Mateo Lizarrako haurraren hilketa salatzeko. Aitak hil zuen, Urbasako amildegi batetik besoetan helduta botata.
Indarkeria bikariozko hilketa salatu du udalak. “Astelehenean Urbasan hilda aurkitu zuten haurra, aurten Euskal Herrian indarkeria bikarioz hildako lehen umea da, eta 2003tik hildako hamabigarrena. 2023an indarkeria matxistagatik eraildako 5 pertsona”, gogorarazi dute. Indarkeria bikarioa da pertsona bat hiltzea beste bati min emateko.
Hilketa matxista “gogor” gaitzesteaz gain, bere konpromisoa adierazi du, gizarte parekide baten alde lan egite n jarraitzeko.
Herritarrak gonbidatu dituzte, mobilizazioan parte har dezaten. Horrez gain, nabarmendu dute udaletxeko balkoian indarkeria matxista salatzeko puntu morea jarrita dagoela.
