Urdabururen XXXIV. Bizikloia, azaroaren 25ean
Zazpina kilometro korrika eta txirrindaz osatu beharko dituzte parte hartzaileek, eta hemezortzigarrenez omenaldia egingo diote Eneko Arcelusi.
Datorren azaroaren 25erako, larunbaterako, Urdaburu Mendi Elkarteak XXXIV. Bizikloia – XVIII. Eneko Arcelus Memoriala antolatu du.
Lasterketak bi zati edukiko ditu. Lehenengoan, 15:00etan abiatuta, zazpi kilometro osatu beharko dituzte lasterkariek txirrindaz, Baleio sagardotegiaren aldamenean dagoen aparkalekutik hasi eta Sorondaraino. Bertan, korrika egiteko oinetakoak jantzi eta beste hainbeste kilometrotan Irurita eta Otzendiotik igaro eta berriro Sorondora itzuliko dira parte hartzaileak.
Lasterketa banaka nahiz binaka egiteko aukera eskainiko du Urdaburuk; binaka egiten dutenek, horrela, kide bakoitzak zein zati (txirrinda gainekoa ala korrika) osatuko duen aukeratu beharko dutelarik.
Antolatzaileek oinarrizko bi arau ezarriko dituzte. Batetik, antolakuntza ez da lasterkariek jasan ditzaketen kalteez arduratuko, ez eta gainontzekoei eragin diezazkietenez ere. Bigarrena lasterkariek arauak sinatu beharko dituztela izango da.
Izena emateko, interesdunek Urdaburu Mendi Elkartera hurbildu daitezke, astearte eta ostegunetan 19:00etatik 21:00etara; edo ordutegi berdinean 943 527 879 telefonora deitu. Izen ematea lasterketa egunera arte egongo da zabalik, eta parte hartzaileek adinez gorakoak izan beharko dute.
