[Galeria] Tronpeoko malda, garaile Auzo Desafiyuan
Herriko sei auzotako taldeek Auzo Desafiyua jokatu dute gaur, Gurutzeko frontoiko estalpearen gozoan. Elizalde eta Iturriotz izan dira garaileak.
Gurutzen jokatu da erronka, auzotarrek antolatuta. Larunbat arratsa den arren, titularra idatzi duenak badaki Oiartzungo Auzo Desafiyuan ez dela Tronpeoko malda ordezkatu duen talderik egon.
Elizalde eta Iturriotz auzoak konektatzen dituen nodoa da Tronpeoko malda; berdinketa izan da sailkapenean, eta bi auzo horiek izan dira aurtengo garaileak. Iturriotzek iazko garaipenari jarraipena eman dio, eta Elizaldek palmaresa estreinatu du. Beste lau auzorekin aritu dira lehian, Ugaldetxo eta Karrikako taldeak faltatuta.
Oiartzungo bide guztiek gaur Gurutzera zeramaten. Bertako pilotalekuko estalpearen goxoan jokatu dituzte zortzi probak, Asterix eta Obelixek baino lau gutxiago, baina edabe magikorik gabe, nahiz eta txosna jarri duten.
Sagardo kaxen dorre bat egin behar zen probarekin hasi dute desafiyua, eskalatzeko dohainak aproban jartzen. Ergoiendarrak izan dira ahuntzenak, eta beraiek eraman dituzte sei puntuak. Okerren aritu direnak elizaldetarrak izan dira, eta puntu bakarra eraman dute.
Ondoren, ezkurrak sartu behar izan dituzte edalontzi batean, eta horretarako —modu finean esanda— gerri eta izter arteko giharrak erabili dituzte. Elizaldekoek gorputzaren parte hori menperatzen dutela erakutsi dute.
Hirugarren probari dagokionez, tenis pilotak alde batetik bestera gidatu behar izan dituzte, gerritik zintzilik jarri duten poltsa batean bildutako laranjekin bultzatuta. Probaren bideoek ez lukete zentsura moralistaren galbahea pasatuko. Iturrioztarrak izan dira aldaka-kolpeak ematen onenak.
Laugarren proba aulki-joko klasikoa izan da; Berri Txarrak taldearen musika izan da soinu-banda. Berri onak Elizaldekoentzat izan dira, Plazakuak nagusitu baitira berriro. Osasun-agintariek jakinarazi dutenez, proban ez da galera pertsonalik egon.
Galderen erronkan, puntu banaketa bestelakoa izan da; lau taldek launa puntu jaso dituzte, eta beste biek, hiruna. Irrintzia botatzeko txanda iritsi da gero, eta Arraguakoak izan dira eztarria modu boluntarioan urratzeko inbertsioa modu onenean egin dutenak.
Photo-finisha, arroz eta tipula artean
Azken aurreko proba sokatira izan da. Horretan ere Elizaldekoak izan dira nagusi, hirugarren aldiz. Hala ere, iazko txapeldunak —Iturriotz— erregularragoak izan dira, eta puntu bateko aldearekin iritsi dira azkeneko probara.
Azken esprinta behar zuena, baina, izan da prestaketa luzeena behar izan duena. Sei taldeetako ordezkariak paella prestatzen aritu dira goiz-goizetik, ingurua usain gozoz girotuz, eta hor jokatu da txapelketa.
Gastronomiaren esparruan lehia estu-estua izan dute elizaldetarrek eta iturrioztarrek… beheko aldetik. Izan ere, epaimahaikideen arabera, Iturriotzekoen platerak frijigailua garbitzen ez duen kebab-denda batek Tripadvisorren jasotzen duen puntuazio berbera merezi zuen: bat. Elizaldetarrak ezta ere ez dute Michelin izarrik jasoko: bi puntu atera dituzte.
Photo-finishak, beraz, bi irabazle eman ditu aurtengo Auzo Desafiyuan. Hala ere, benetan garaile izan dena giro bikaina eta oiartzuarren arteko pike sanoa izan da.
Gero bai, gero epaitu gabe bapo jan dute paelletatik, eta festa-giroak jarraitu du. Oraingoan bai, edabe magikoarekin.
