Indarkeria matxista lehen mailako arazo politikotzat hartzea eskatu dute
Urbasako filizidioa salatzeko elkarretaratzea egin dute, Oreretako Asanblada Feministak deituta, indarkeria bikarioaren hamabigarren hilketa salatzeko.
Oreretako Asanblada Feministak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo arratsean, Niessen merkatalguneko sarreran.
Mateo 7 urteko lizarraren hilketa salatzeko deitu zuten mobilizazioa. Urbasan aurkitu zuten bere gorpua, aitarenaren ondoan. Indarkeria bikarioko kasu posible bezala ikertzen ari dira.
Atzoko elkarretaratze isilaren ondoren irakurritako adierazpenean, lehenik eta behin, mugimendu feministak babesa eta elkartasuna adierazi zieten Mateoren senide, lagun eta gertukoei.
2003an hasi ziren kontaketaren arabera, Euskal Herrian indarkeria bikarioak hil duen hamabigarren umea da. “Eta aurten, 2023an, indarkeria matxistaren ondorioz gertatutako bosgarren hilketa izan da. Aski da! Nazkatuta, amorratuta eta haserre gaude”, gaineratu zuten.
Autodefentsa feminista
Salatu zutenez, “sistema heteropatriarkal, kapitalista eta arrazistak” indarkeria matxista “egituraz” sostengatzen du, eta ondorio “lazgarri eta ikusgarriena” pertsonak hiltzea dela. “Badakigu indarkeria matxistak hamaika aurpegi dituela eta emakumeok bizitzako alor guztietan jasaten dugula indarkeria hori”.
Indarkeria matxista “lehen mailako” arazo politikotzat hartzea eskatu dute. “Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu. Gure bizitzak daude jokoan!”.
Autodefentsa feministarako deia egin zuten, bizitzaren aldeko “apustu erradikala” egiten baitute eta horretarako antolakuntza eta autodefentsa “tresnarik eraginkorrenak” izango direla uste dute. “Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, aske izan arte! Gora borroka feminista!”.

