Egindako lorpenak txalotu, eta konponbiderako giltzak erakutsi ditu Sarek
Sarek argazki jendetsua atera du, presoen etxerako bidea egindako pausoak baloratu eta berriak egiteke daudela gogorarazteko.
Sarek deituta, agerraldi jendetsua egin dute Errenteria-Oreretako Koldo Mitxelena ikastetxeko estalpean. Plataformak dinamika berri bat martxan jarri duela nabarmendu du: Konponbiderako Giltzak.
Lehenik eta behin, duela 9 urte sortu eta orain arte egindako bideari errepasoa eman diote. “Aurrerapauso pozgarriak” eman dituztela adierazi dute. Oztopoak oztopo, “korapiloak askatu” eta konponbiderako bidea sortu dutela esan dute, “etxerako bidea”.
Euskal presoen dispertsioarekin bukatzea “lortu” dutela esan dute, eta 9 urteko “giza eskubideen, bakearen, elkarbizitzaren eta konponbidearen” ibilbidean bidelagun izan dituztenei eskerrak eta zorionak eman dizkiete. “Lorpen horren eta beste aurreko beste askoren motorra izan gara”.
“Etxerako ateak itxita jarraitzen du”
Lortutakoa txalotuta, Sarek ohartarazi du ezin dela “iraganaren atea” itxi. “Oraindik, euskal presoen eskubideak urratuak izaten jarraitzen baitute. Presoek legearen bidea jorratzeko ateak ireki ahala, badirudi ugaritzen ari direla legedia ezartzeko oztopo diren sarrailak, salbuespen legedia aplikatzen jarraitzen zaie”.
Zerrendatu egin dituzte “oztopo” horiek: beste estatu batean betetako kartzela-urteak kontatzen ez dituen 7/2014 legea; “ezkutuko biziarteko zigorra” ezartzen duen 7/2003; edo euskal presoen jurisdikzio kontrola Madrilen eta ez epaitegi naturalean ezartzen duen 5/2003 legea.
“Legeak dioen birgizarteratzeko aurrerapausoetan oztopo bilakatzen dira. Salbuespenak giltzarrapo izaten jarraitzen du, etxerako ateak itxita jarraitzen du”, gaitzetsi dute.
Gainera, salatu dute biktima guztiei ez zaiela “bidezko tratamendua” eman salatu dute.
Horregatik guztiagatik, “konponbidearen eta elkarbizitzaren ateak parez pare” irekitzera deitu dute. “Eta horretarako presoen etxerako atea zabalduko duen/duten giltza/k eskuartean hartu behar ditugu”. Zigorrak betetzeko dauden aukerei “atea ireki” nahi dietela esan dute.
Ez hori bakarrik. “Espetxe eredu berri, humanizatu eta justuago batean sakonduz, euskal presoei dagozkien eskubideen jabetza aitortuz, herri honetan sufritu duten pertsona guztiak aintzat hartuz eta errespetatuz”.
Konponbide, elkarbizitza zein biktima guztien errespetua eta presoen etxerako bidea irekiko dituzten giltzak hartzeko prest daudela esan dute, “lege arruntak” dioen bidetik, “salbuespenezko bideak betiko baztertuz”.
Hori guztia manifestu batean jaso dute, eta ekitaldia bukatu denean sinatu dute bertaratu direnek. Online ere sina daitekeela jakinarazi dute.
