Xabier Goienetxea baldintzapean aske utziko dute
Baldintzapean aske uztea erabaki dute. Frantziako Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak orain arteko jarrera aldatu du.
Xabier Goienetxea Iragorri euskal presoa baldintzapean aske utziko dutela jaso du Naiz agerkari digitalak, Bake Bideak helarazitako oharrari oihartzun emanez.
Goienetxea Ortzaizen atxilotu zuten, 2015eko uztailaren 7an, Naizek jaso duenez, ETAren armagabetzerako jardueretan ari zela. Ordutik espetxean izan da; orain Lannemezango espetxean dago, etxetik 224 kilometrora, Frantziako Estatuan dauden gainontzeko gizonezko euskal presoekin.
Parisko Zigorren Aplikaziorako Auzitegiak atzo onartu zuen oreretarraren baldintzapeko askatasuna. PNAT Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak erabakiari helegitea jartzeko aukera zuen, eta aurretik, baldintzapean aske uztea galdegin duten presoen eskaerari helegitea jarri izan dio. “Sistematikoki”, Bake Bideak adierazi duenez.
Hala ere, Mediabaskek jaso duenez, azkenean ez dio helegiterik jarriko. Beraz, jarrera aldaketa egon da fiskaltzan. Aldaketa hori emateko argudio nagusia izan da testuinguru politikoaren bilakaera kontuan izan duela, eta ez omen duela ikusten “desordena publikoak” egiteko arriskurik.
“Erabaki horrek”, desio du Bake Bideak, “atea irekitzen dio preso eta iheslarien zein gatazkaren ondorio guztien tratamendu globalari”.
Goienetxea, beraz, datozen orduetan egon daiteke kalean, baina baldintzak zeintzuk diren zehazteke dago.