Kontzientziari begiratzeko saioa, ostiral arratsaldean
Aingeru Oiartzabal psikologo oiartzuarrak hitzaldia emango du ostiral arratsaldean, Killirikuperen ahalduntze eskolaren barruan.
Killirikupe emakumeen taldeak ahalduntzerako programazioarekin jarraitzen du. Ostiral arratsalderako —hilak 18— Aingeru Oiartzabal psikologoarekin saioa antolatu dute. Udaletxean izango da, 17:30etik 19:30era bitartean, Ireki begiak kontzientziara goiburupean.
Oiartzabalek azaldu du: ”Izenburu hori dauka, kontzientzian bizitzea litzatekeelako aske bizitzea, bakean bizitzea, eta jabetzea gure bake horretan ere nahasmenak egon daitezkeela, eta nahasmen horiekin arduratzen jakitea”.
Ikasitako babesgabetasunari buruz ere arituko da. Kontzeptu horri buruzko zertzeladak eman ditu psikologo oiartzuarrak: “Txikitatik ikasi dugu zaurgarriak garela, babesgabetasun bat daukagula. Oso barneratuta daukagu modu askotan; alegia, mendeetan zehar gizonei eta emakumeei ezarritako programazio zaharkituak dauzkagu, nola izaten ditugun harremanak gure barrenarekin, baina baita aldi berean kanporantz ere. Horri buruzko jabetza hartzen duen jendeak —hau da, lehentasun bezala gure autoezagutza hartzen dutenek— aukera du hori guztia ikusten joan, eta ikusten dugun heinean, askatzen joateko”.
Gaur arratsaldeko solasaldiaren bitartez, orainaldia bizitzearen garrantziaz ohartarazi nahi du Oiartzabalek. “Zaharkituta geratu den hori askatzen den heinean, iragana kartzela batean sartu ordez, aukera dugu orainaldian gehiago bizitzeko, eta nahasmen horiek etorkizunera ez hainbeste proiektatzeko. Azkenean da bizitza sentitzen uztea, kontrolak eta borrokak alde batera utziz, buruan Hollywoodeko filmak egiteko daukagun joera baztertuta. Buruak milioika interpretazio egiten ditu, eta interpretazio horiek guztiak egitea inkontzientzian bizitzea da, jabetasunik gabe, nahiz eta inkontzienteak uste duen bere egoeraren jabe dela”.
Psikologoaren arabera, norberak bere burua “biktimizatzea” da indarrean dagoen joera: “‘Gizarte hau’, ‘nagusia’, ‘lankide hau’, ‘bikotea’, ‘eguraldia’… Milaka biktimizazio mezu bidaltzen dizkiogu gure buruari, betiere erruak zabalduz, alde batean eta bestean. Ez gara konturatzen benetako barne-boterea guregan dagoela, baina horretarako —nolabait esatearren— barruko begiak zabalik izan behar ditugula. Horretarako, autoezagutzak laguntzen gaitu”.
Ostiral arratsaldeko hitzaldian —hori guztia aurkeztuko duela jakinarazi du, “modu dinamiko” zein zabalago batean. Horrela, hurbiltzen direnak hausnartzen jarri, beste modu batean bizi daitekeela gonbita egiteaz gain, “aukera dugulako eta gure benetako eskubidea daukagulako”.