Zaintza "erdigunean" jarriko dute mahai-inguru batean, hilaren 21ean
Oiartzungo zaintza-sare komunitarioa izango dute hizpide, baita etorkizuneko eredua irudikatu ere. Saioa parte hartzailea izango dela aurreratu dute.
Oiartzungo zaintza-sare komunitarioari buruzko mahai-ingurua antolatu dute hilaren 21erako, asteartea. Saioaren helburua zaintza “erdigunean” jartzea izango da.
Oiartzungo feministen asanbladak, Killirikupek eta Oiartzungo Udalak (Zaintzadi ekimenaren bitartez) antolatu dute saioa.
Udalaren etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek eta Petra Lekuona egoitzakoek ere parte hartuko dute mahai-inguruan, iragarri dutenez.
Zaintzari buruzko kontzientzia landu eta horri buruz sentsibilizatzea izango da saioaren helburua. 18:00etan hasiko da mahai-ingurua, Landetxeko auditorioan, eta bi ordu iraungo ditu. “Oiartzungo zaintza ereduaren inguruan hausnartu, herriak dituen beharrak aztertuko eta etorkizuneko eredua irudikatuko dute”, berretsi dute antolatzaileek.
Oiartzuar guztiei irekitako saioa izango da, eta oholtzara igoko direnez gain, bertara hurbiltzen diren herritarrek parte hartzeko kanalak bideratuko dituzte, haien ahotsa entzun ahal izateko.
Ez da gonbidapenik jaso behar.
