Babestutako kontratuekin "espekulatu nahi izatea" leporatu diote Jauregizar enpresari
Arramendiko babes ofizialeko etxebizitzetako maizterrei iaz bukatutako kontratuak berritzeko exijitu dute gaur Donostiako Etxebizitza Ordezkaritzaren aurrean, Stop Kaleratzeak eta Alokairuk babestuta.
Arramendiko babes ofizialeko etxebizitzetako maizterrek protesta egin dute gaur Donostiako Etxebizitza Ordezkaritzaren aurrean, Stop Kaleratzeak eta Alokairuk babestuta. Besteak beste, errentatzaile den Jauregizar enpresak jaurlaritzarekin eta udalarekin dituen “negoziazioen blokeoa” salatu dute, eta “egoera prekarioan dauden 18 familiari kontratu babestuak berritzeko” eskatu dute.
Izan ere, 2020ko maiatzean igaro zen errentariek etxebizitza horiek erosteko aukera. Izan ere, orain dela 16 urte, etxebizitza horiek esleitu zituzten. Pontika auzoko bizilagun horiek gehienez ere 450 euroko hilerokoa ordainduko zutela jakinarazi zieten, eta 15 urteko denboraldian igarota, etxebizitzak erosteko aukera izango zutela, “BOEen erregimenpean”. Dena den, epe hori igaro ondoren, bertan bizi diren 30tik gora bizilagunek ezin izan dute etxebizitza erosi. Ordutik, dozenaka bizilagun «kale gorrian» gelditzeko arriskuan egon dira. Halere, orduan adierazi zuten ez zutela haien etxebizitza utziko.
Horregatik, egoiliar askok urte eta erdi inguru daramate kontraturik gabe. “Horiek guztiak Etxebiden inskribatuta daude, eta diru sarrera apalak dituzte. Ondorioz, ezin izan dituzte beren etxebizitzak babes ofizialeko prezioetan erosi, beste 16 bizilagunek egin ahal izan duten bezala”.
Negoziaketei dagokionez, adierazi dute jaurlaritzarekin eta udalarekin izandako negoziazioak blokeatu dituela Jauregizar enpresak, “errentagarritasun handiagoa” eskatu duelako enpresak, adostutako %4a baino gehiago. “Jaurlaritzak etxebizitza bakoitzeko ematen duen 12.000 euroko laguntza jasotzean, udalak osatu egiten du, etxebizitza bakoitzeko %4ko errentagarritasun arbuiagarria lortu arte, eta kontratuak lehendik zituzten baldintza berberetan berrituko lirateke”, erantsi dute gaurkoan.
Uztaileko osoko bilkuran Stop Kaleratzeak-ek aurkeztutako mozioa onartu zen, edukitzaile handien gehiegizko alokairuak mugatu ahal izateko tentsiopean dagoen udalerri izendatzeko eskatuz Eusko Jaurlaritzari. Ez da onargarria Jauregizar enpresak babestutako kontratu horiekin espekulatu nahi izatea”.