Erresidentzietako langileentzat baldintza duinak eskatu dituzte Gabierrotako egoitzan
Hamarnaka lagun bildu ditu gaur Oreretako Mugimendu Feministak, "zaintza eskubide kolektiboaren alde". Hilaren 30eko greba orokor feministara deitu dituzte herritarrak.
Oreretako Mugimendu Feministak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur goizean Gabierrotako adinekoen egoitzaren aurrean. Hamarnaka lagun bildu dira Erresidentzietako langileen lan baldintza duinak lemapean, “zaintza eskubide kolektiboaren alde”. Zaintza ez dela negozioa aldarrikatu dute, eta “ez pribatizazioari” ozena oihukatu dute. Kalitatezko zaintza sistema publikoa exijitu dute bertaratutakoek.
Bide batez, hurrengo osteguneko (hilak 30) greba orokor feministara deitu dituzte bertaratu eta bertatik pasa diren herritarrak.