"Zaintza sistema publiko komunitarioa" aldarrikatzeko, kalean izango dira oiartzuarrak
Oiartzungo Feministen Asanbladak ostegunean greba egitera deitu ditu oiartzuarrak. "Haur, ikasle, gazte, langile, pentsiodun, zaintzaile, feminista, herritar. Denoi dagokigu greba egitea", esan dute.
Oiartzungo Feministen Asanbladak agerraldia egin du gaur eguerdian Done Eztebe plazan, datorren osteguneko grebari buruzko azalpenak emateko. Grebara atxikitzeko deialdia egin dute, eta hainbat eta hainbat arrazoi eman dituzte greba egiteko. Honakoak zerrendatu dituzte:
“Zaintza duinen unibertsaltasuna eskubide gisa aitortu eta bermatzeko; Zaintza sistema publikoa indartu eta garatzeko; Zaintza zerbitzuen pribatizazioa amaitzeko. Etxez etxeko laguntza zerbitzua indartu eta garatzeko; Atzerritartasun legea bertan behera utzi, eta bitartean, zaintza langile guztien erregularizatzeko; Erroldatzeko eskubidea guztiontzat eskuragarri izateko grebara goaz; Etxeko langile egoiliarren erregimena desagerrarazteko; Etxeko langileak lan-erregimen orokorrean sartzea: Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. hitzarmena bere osotasunean berresteko; Etxeko langileei gutxieneko soldatatik gorako lansaria ezartzeko; Zaintza sektoreko langileen lan baldintzak hobetzeko; Zaintzaileei laguntzeko sareak sortzeko; Zaintzeko denborak bermatzeko grebara goaz: lanaldia murrizteko, soldata txikitu gabe; Gizonek zaintza lanetan ardura hartzeko grebara goaz; Zaintzeko baimenak zabaltzeko eta handitzeko grebara goaz Zaintza lanak transbertsalki lantzeko: hezkuntzan, osasungintzan eta lan eremuan, besteak beste; Pentsio duinak ezartzeko, gutxienez, 1080euro izateko; Agroekologia babestu eta sustatzeko; eta Etxebizitza eskubidea bermatzeko”.
Zaintza lanen “ezinbestekotasuna agerikoa” dela esan dute gaurkoan, “baita nork eta zein baldintzatan zaintzen duen aztertzearen beharra ere. Zaintza lana emakumearena dela ikusteko ez dela urrutira begiratu behar diote, “maiz arrazializatua eta etorkina, eta gehienetan zaurgarria”. Zaintza lanetan dabiltzan emakumeak “baldintza gogorretan” ari direla erantsi dute, eta “askotarikoak” direla egoerak: “batzuk erregimen egoiliarren daude, eta beste batzuk kontraturik gabe edo egoera irregularrean”. Horregatik, “zaintza lanak egiteari utzi ezin delako”, adierazi dute “denok ez dugula greba egiteko eskubiderik ez eta aukerarik ere”.
Zaintza “modu zabalean” ulertu behar dela uste dute Oiartzungo feministek, garbitzea, artatzea, pilulak ematea, jana prestatzea, toki batetik bestera mugitzea ahalbidetzea, beharrizan emozionalen helduleku izatea, eta “abar luze” bat ere “zaintza direlako” haien ustez. “Inoiz denoi tokatuko zaigu zaintzea edo zainduak izatea, eta hori duinki egitea nahi dugu”. Bizitzak erdigunean izango dituen sistema baten beharra nabarmendu dute, “zaintza sistema publiko komunitarioa” hain zuzen. Horregatik, ostegunean kalean izango dira herriko feministak, “sistema kapitalista, heteropatriarkal, kolonialista eta arrazista hau salatzeko, baita egungo pribatizazioaren arduradunak seinalatzeko ere”.
Greba berea ez dela helburua izango ere esan dute, “prozesu honen inflexio puntua besterik ez”. Antolakuntza, aktibazioa, saretzea, politizazioa, interpelazioa eta harremanak jarri nahi dizute oinarrian. “Haur, ikasle, gazte, langile, pentsiodun, zaintzaile, feminista, herritar. Denoi dagokigu greba egitea. Zaintza eskubidearen aldeko borroka denoi dagokigu, denok hartu behar dugu ardura aldaketak emateko, denon bizitzen inguruan ari baikara”, esan dute, agerraldia bukatzeko.