Ikastaroak euskaraz egiteagatik diru-laguntza eskatzeko epea, bukatzear
Aisiako titulua atera, UEUko ikastaroa egin edo kirol entrenatzaile izateko ikasi dutenek jaso dezakete laguntza.
Aitziber Arnaiz Hizkuntza Normalizazio Saileko teknikaria, eta Aiako Gazelumendi, saileko arduradun politikoa, irailean, diru-laguntza lerroa aurkeztu zutenean. Oiartzungo Udalak gogorarazi duenez, abenduaren 1ean bukatuko da euskarazko ikastaroak egiteagatik diru-laguntzak eskatzeko epea. Irailean ireki zuten deialdia, eta ikastaro bakoitzaren kostuaren erdia finantzatuko du udalak.
2023an zehar aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroa, kirol entrenatzaile ikastaroa eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolatutako ikastaroak euskaraz bukatu dituzten herritarrek eskatu dezakete diru-laguntza. 200 euro arteko kopurua jasotzeko aukera izan dezakete.
Abenduaren 1a —datorren asteko ostirala— izango da eskaerak aurkezteko azken eguna, udaletxeko harreran edo telematikoki.
Udalaren webgunean, Iragarki Taulako Diru laguntzak atalean, lor daitezke deialdiaren oinarriak zein baldintzak.
