'Kristalezko begi bat'-ekin zita, gaur arratsaldean
Oiartzungo Irakurketa Taldeak Miren Agur Meaberen eleberria izango dute hizpide gaur arratsaldean. Abendurako, Joan Mari Irigoienen 'Babilonia'.
Miren Agur Meabe [Arg.: Wikipedia]. Oiartzungo Irakurketa Taldea gaur arratsaldean elkartuko da, hilabete honi dagokion liburua iruzkintzeko: Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat eleberria izango dute hizpide.
Manuel Lekuona bibliotekan jarri dute hitzordua, 20:00etan.
Abendurako etxeko lana, berriz, aurtengo maiatzean hil den Joan Mari Irigoienen Babilonia liburua izango da. Abenduaren 19an elkartuko dira. Honakoa da liburuaren premisa:
Babilonia baserriko Trinido eta Feliziano anaien arteko gorabehera eta liskarrak kontatzen ditu, XIX. mendearen erdialdean, azkenean familiaren hondamena ekarri duena. Eleberria familia-saga bat da, baserrian girotua (hain zuzen ere, Babilonia baserrian bizi dira eleberriko protagonistak), eta errealismo magikoaren zertzeladak dituena. Garaiko xehetasun historiko ugari ere ematen ditu, bereziki Karlistaldien inguruan.
