A30eko greba eguneko egitaraua aurkeztu dute
Greba orokor feministarako zortzi mobilizazio edota ekintza programatu ditu lanean aritu den batzordeak. Manifestazioak, herrian eta Errenteria-Oreretan.
Euskal Herriko mugimendu feministak greba feminista orokorra deitu du hilaren 30erako. Oiartzunen greba batzordeak egun horretako egitaraua prestatu du, eta publiko egin dute, astebete eta egun bat falta denean.
Pasa den larunbatean agerraldia egin zuten, grebarekin aldarrikatu nahi dituzten eskaerak zein diren argi uzteko. Aldarriak zortzi ekintza edota mobilizaziorekin zabalduko dituzte lau haizetara. Honakoa izango da egitaraua:
- 05:00etan: Piketeetarako hitzordua. Alcampoko gasolindegitik.
- 07:30ean: Kotxe karabana. Alcampoko gasolindegitik.
- 10:30ean: Elkartasun ekintza. Petra Lekuonan.
- 11:00etan: Manifestaziorako apainketa. Herriko plazan.
- 11:30ean: Goizeko jardunei buruzko informazio trukea. Herriko plazan.
- 12:00etan: Elkartasun manifestazioa. Herriko plazan hasita.
- 17:00etan: Zutabea Errenteria-Oreretara oinez joateko, plazatik abiatuta. Ezin duenarentzat kotxeetan antolatzeko aukera izango dela jakinarazi dute.
- 18:00etan: Eskualdeko manifestazioa, Errenteria-Oreretan.
Horrez gain, 11:00etatik 17:00etara bitartean zaintza eremua jarriko dute pleno aretoan, atseden hartzeko, bazkaltzeko, kafea hartzeko, elkar zaintzeko edota haurrentzako.