Zaintza bera ere zaindu behar delako
Oiartzungo etxez etxeko langileak udalekoak dira. Pozik daude zaintzaren gaia plazara atera delako grebaren deialdiarekin, eta eredu publiko komunitario baten alde egiten dute, beraienaren ildokoa.
Zaintza izango da hilaren 30eko greba deialdiaren ardatza. Zaintza zer den gertu-gertutik ezagutzen dutenak Oiartzungo etxez etxeko langileak dira. Berezitasun bat dute: udaleko langile dira.
Herriko greba batzordean ari dira lanean haietako batzuk, hilaren 30eko mobilizazio eguna prestatzen, Oiartzungo Feministen Asanbladaren gonbitari erantzunez. Beraien ikuspuntua eta eskarmentua partekatu nahi dituzte batzordean lanean ari diren gainontzekoekin. Idoia Nabarro etxez etxeko langileak adierazi duenez, «bada garaia» haien lana zein zaintza bera ikusaraztekoa.
Beraien eguneroko jarduna zein den laburbildu du Nabarrok: «Erabiltzaileak duen beharrari erantzuten hasten gara egunero. Zaintza integrala da; pertsona horrek etxean bizitzen jarraitzeko oinarrizko beharrizan batzuk ditu: higienea, zerbait kozinatzea, botikaren jarraipena, emozionalki zein sostengu behar duen… Kasu batzuetan gauza bakarra izango da; bestetan, gehiago».
Etxeetan artatzen dituzten pertsona horien bizi kalitatea ona izan dadin dituzten beharrak identifikatu, eta baliabideak martxan jartzen dituzte. Mirari Lekuona lankideak jarraitu duenez, pertsona bakoitzak bere beharra dauka, eta kasuistika asko aurki daitezke: «Batzuk bakarrik bizi dira; beste batzuek, familia daukate; senideak lanera doazelako bakarrik geratzen denik bada; oheratuta daude hainbat, umeak ere izan ditugu… Azken aldian pertsona —guretzako— gazte asko daude, 50 urte ingurukoak». Gaixotasun degeneratiboak, edo adikziodun pertsonak ugaritzen ari direla ziurtatu dute.
Herritarren gehiengoak haien lanaren uste okerra duela ziurtatu dute: etxe batera joan, fardela aldatu, eta ospa. «Ez», ukatu du Lekuonak, «hori guretzako errazena da». Etxez etxeko zaintza lana aurrera eramateko mentalki «indartsu» egon behar dela gaineratu du Lekuonak: «Pertsona bat egun batean modu batean dago, baina hurrengoan beste era batean egon daiteke. Prest egon behar zara, bestela kili-kolo egon zaitezke; hori ezin du erabiltzaileak ikusi». Zaintza lan horiek ikusezin direla uste du Nabarrok, «egintzat» ematen direla. «Zaintzako profesionalak gara, eta trebetasun eta jakite batzuk behar ditugu, zeinak ez diren gizartean aitortuak».
Elena Ugartemendiaren ustez, hala ere, urteak pasatu ahala sarea «zabaltzen» ari da, «gizartera», eta duela urte batzuk baino «lotura gehiago» daude orain. Adibide batekin irudikatu dute: desgaitasun psikiko edo psikologikoak dituztenek aukera gehiago dituzte orain etxetik ateratzeko, lehen ez bezala.
Ogibidearen «%90» bokazioa dela adierazi dute. «Bestela, jai duzu». Inplikazioaren beharra azaleratu dute: «Sinetsi behar duzu egiten ari zaren lanean, eta duen garrantzian. Lanak asebetetzen gaitu; oso humanoa da, harreman xuxenak daude, nahiz eta edukiko dituzun gorabeherak. Askotan azken faseetan ikusten dituzu, eta agur esan behar diozu… Hori gogorra egiten da», gaineratu du Nabarrok.
Hiru etxez etxeko langileen ustez, ematen duten zerbitzuak balorazio ona dauka. Iritzi positiboa zabaldua egotearen gako bat eman du Nabarrok: zerbitzua pribatizatua ez egotea. «Diru publikoa ez da enpresa pribatu batera joaten; bestela, langileen baldintzak zein bezeroaren arretaren kalitatea murrizten bada, gauza onik ez. Greba honen aldarrikapenetako bat hori da: zaintza eredu publiko komunitario baten alde egitea, baita zaintza horiek sendotu behar direla ere».
Beraiena eredu positiboa dela argi utzi nahi izan dute, nahiz eta oraindik gauza asko dauden hobetzeko, eta baldintza okerragoetan dauden zaintzaileak zein zainduak gogorarazi dituzte.
«Zaintza guztion ardura da. Ez da bakarrik zaharren ardura, gizarteak berak ditu beharrak. Norberak bere burua zaindu behar du, eta gero etxetik atera», esan du Ugartemendiak. Lekuonak gaineratu dionez, «baliabideak» behar dira horretarako, eta erakundeek lan handia dutela egiteke.
«Gai potoloa da. Hitz egiten hastea bera pauso bat da, eta, grebarekin, lehen aldiz ikusi dugu kalean kartel bat galdetuz ea zein zaintza mota nahi dugun, edo ea badakigun zein baliabide dauden zaintzeko. Ikusgarritasuna ematen ari zaio; garrantzitsua iruditzen zaigu esaldi horiek plazara ateratzea», esan du Nabarrok. Zaintzan ari direnena «multzo handia» dela berretsi du Ugartemendiak, eta zerrendatu ditu: «Egoitzak, eguneko zentroak, ezkutuan lanean ari diren atzerritarrak, gazteentzako gero eta zentro gehiago…».
Azaroaren 30ekoa inflexio puntua izan daitekeela espero du: «Agian greba egunak ekarriko du galdera horiei buruz hausnartzea: Zein zaintza nahi duzu zuk?».
Azken hiru hamarkadetan eredua aldatu dela berretsi du Lekuonak —36 urte daramatza lanean; udal zerbitzuaren hasieratik—, eta aldaketa horiek azaleratu eta eredu berri batera joateko ikasgaiak entresakatu behar direla aldarrikatu du: «Orain urte gehiago bizi gara, gehiago gaixotzen gara… Horra bideratuko den diruak ez du etekinik emango, baina gure zahartzaroan pentsatu behar da».
Horretarako, «negozio ikuskera» albo batera utzi behar dela defendatu du Nabarrok: «Zaintza ez da turismoa».
Zaintza, «edozein izkinan»
Etxez etxeko langileek argi dute zaintzaren gaia «mahai gainean» jarri behar dela, eta bide horretan etor daitekeen edozein urrats «ongietorria» izango dela. Baina bat jarri dio Nabarrok, hala ere: «Beste gai batzuetan interesa jartzen dugu, eta badirudi zaintzak nagia ematen digula».
Lekuonaren arabera, zahartzaroa hurbil ikusten hastearekin batera hasten da zaintzarekiko kezka. Zaintzeko ardura, baina, edozeini edozein momentutan etor dakiokeela nabarmendu du Nabarrok: «Bezeroekin era hain zuzenean lan eginda, ikusten dugu gizarte batean zein gabezia, hutsune eta abar dauden, batez ere kolpe gogorrak —menpekotasun kasu larriak, esaterako— datozenean».
Horrelakoren bat gertatzeak dena «hankaz gora» jartzen duela zehaztu du: «Familia horrek kokatu egin behar du; zaintza bat eman behar dio, kalitatezkoa, baliabideek funtzionatzen ez badute; kontratazioren bat behar duzu; dirua behar duzu horretarako guztiarentzako… Badirudi zaintza hori zure arazoa dela, baina ez: hau partekatu egin behar da, hurrengo batean zuri gerta dakizukeelako».
Ugartemendiaren esanetan, zaintza «edozein izkinan» ikus daiteke, baina ez da hain «nabarmena». Oiartzunen kasuan, komunitate bat sortua dagoela adierazi du, barruan ez dagoenarentzako oso agerikoa ez dena.
Langileak kontziente dira etxez etxeko lana edo erresidentzietakoa zein kontraturik gabe aritzen direnena oso ezberdina dela, eta gabeziak daudela edonon. «Hala ere», ebatzi du Ugartemendiak, «dena zaintza da, eta hortik doa azaroaren 30ekoa. Zaintza zaindu behar da».