OKEko emakumeek beraien legea erakutsi diete bilbotarrei
San Ignacio baino hobeak izan dira oiartzuarrak. Mutilek garaipena eskura izan dute, baina puntu batekin konformatu behar izan dute.
Larunbat arratsaldean garaitu zituzten bilbotarrak, Karla Lekuonan. Oiartzun Kirol Elkarteko emakumeen talde nagusiak gora begira jarraitzen du. Asteburuan Bilboko San Ignacio taldearen bisita jaso zuten, eta partida modu oso txukunean hasi zuten lehen zatia.
Aukera asko sortu zituzten, eta horietako batean asmatu zuten, Lizasoren bitartez. 1-0ekoarekin joan ziren aldageletara; markagailuak ez zuen jokoa fidelki islatu.
Bigarren zatian beherakadatxo bat izan zuten, baina Nahiak bigarren gola lortu zuen oiartzuarrentzat, partida ixteko. Hiru puntu horiekin hirugarren postura jauzi egitea lortu dute. 23 puntu dituzte guztira, eta Eibar eta Burgos talde indartsuak bakarrik dituzte gainetik.
Mutilak ere irabazten hasi ziren, Seinek zazpigarren minutuan lortutako golari esker. Hala ere, aurreko astean bezala, bi gol jaso zituzten estrategiako jokaldietan. Fernandezek 70. minutuan lortu zuen berdinketa, eta hortik aurrera aukera pila bat sortu zituzten oiartzuarrek, asmatu gabe. Datorren asteburuan Zarautzi irabazten saiatu behar dira, etxetik kanpoko puntua on bilakatzeko.
Areto futbolean, bikain
Gipuzkoako Lehen Mailan, sailkapeneko liderrak Eguzkiren bisita jaso zuen Elorsoron. Oiartzunek kontrolpean izan zuen partida, eta atsedenaldira 4-0 iritsi ziren.
Bigarren zatia ere antzera joan zen, OKEk beste bi gol sartu baitzituen. Partida bukatzeko 10 minutu falta zirela iritsi zen lasartearren ohorezko gola. Epaileak azken txistua jo aurretik lortu zuten oiartzuarrek zazpigarrena.
Bigarren Mailan, berriz, Miren Tabernak garaipen landua lortu zuen Legorretan. Oiartzuarrak aurreratu ziren 10. minutuan, baina goierritarrek atsedenaldia iritsi baino bost minutu lehenago berdindu zuten.
Bigarren zatian, oiartzuarrak pauso bat harago joan ziren, eta 1-3 aurreratzea lortu zuen. Partida bukatzeko minutu bat falta zenean murriztu zen aldea, baina ez zen gehiagorako denborarik izan.
Emakumeen 3. RFEF Maila
- Oiartzun — San Ignacio: 2-0.
Gizonezkoen Ohorezko Erregional Maila
- Zumaiako — Oiartzun: 2-2.
Emakumeen Euskal Liga
- Oiartzun B — Real Sociedad C: 1-3.
Gizonen Lehen Erregionala
- Oiartzun B — Landetxa: 3-1.
Emakumeen Ohorezko Erregional Maila
- Oiartzun C — Mariño Real Union: 0-3.
Mutilen Gazte Mailako Euskal Liga
- Oiartzun — Romo: 0-2.
Mutilen Gazte Mailako Gorengo Maila
- Behobia — Oiartzun B: 3-1.
Mutilen Gazte Mailako Lehen Maila
- Orereta Kafea — Oiartzun C: 1-3.
ARETO FUTBOLA
Gizonen Gipuzkoako Lehen Maila
- Oiartzun — Eguzki: 7-1.
Gizonen Gipuzkoako Bigarren Maila
- Bilkoin Basabe — Miren Taberna OKE: 2-3.
