Bestelako zaintza ereduaren aldarria entzun da Garesen, Oionen... eta Oiartzunen
Mobilizazio eta ekitaldi andana egin dituzte greba feministari lotuta, zaintza eredu publiko-komunitarioa eskatzeko.

Eguerdiko manifestazioaren bukaeran abestu zuten titularrak dioena. Anarik inportatutako Nacho Vegasen Vinu, cantares y amor abestiaren moldaketan kantatu zutenez, “etxeko lanak edo haurtzaintza, guztiona da zaintzaren iraultza!“.
Zaintza eredu publiko-komunitarioa aldarrikatzea helburu zuen Greba Feminista Orokorraren deialdiari erantzunez, mobilizazio eta ekitaldi ugari izan ziren atzo Oiartzunen. Herrigunean industriaguneetan baino gehiago nabaritu zen grebaren eragina.
Hala ere, poligonoetan jarri zen eguneko lehenengo fokua. Piketeak 05:00etan elkartu ziren Mamut merkatalguneko gasolindegian.
Piketeak Ekialdebuseko autobusak ateratzen ziren tokira joan zirenean tentsio momentuak izan ziren. Autobusen martxa oztopatuko ez zutela jakinarazi zuten arren, Ertzaintzak jarrera “oldarkorra” izan zuela salatu zuten, eta piketean parte hartzen ari zen kide bat identifikatu zutela.
Autobus konpainietako langileek hala erabakita, ez zen autobusik atera pikete osatzen zutenak inguruan zeuden bitartean.
Ondoren, autoak hartu, eta bi taldeetan banatu ziren. Batzuk Arragua ingurura abiatu ziren, biribilguneak “hartzera”. Trafikoa momentu batzuetan oztopatzea lortu zutela jakinarazi zuten.
Beste taldea auzoz auzo ibili zen, eta etxeetan lan egin behar izan zuten zaintzaileei keinu egin zieten, grebaren aldarria Oiartzungo txoko guztietara eramateaz gain.
Hasierako zita jarri zuten tokira bueltatu ziren, eta hara iristerakoan, Alcampok bere ateak itxi zituen. Esku-orriak banatu zituzten bertan.
Elkartasun manifestazioa, eguerdian
Goiza aurrera joan ahala, grebaren fokua poligonoetatik herrigunera eraman zen. Petra Lekuona zaharren etxean ekitaldia egin zuten. Bertako langile batek hartu zuen hitza, eta kontatu zuenez, “ia esklabotza egoeran” daude, baldintza kaskarretan. Duintasuna eskatu zuen, bai langileentzako eurentzako zein zainduta daudenentzako ere.
“Zaintza lanak emakume eta gizon guztion ardura izan beharko luke, eta hala exijitzen diogu aldundiari. Sukalde ekipatuenak ez du balio, aiton-amonek gosaltzeko denborarik ez balute”, adierazi zuen. Petra Lekuonako langileak ohartarazpena egin zuen: “Agian hau izango da zuen hurrengo etxea”.
Ondoren, plazara jaitsi ziren, topagunea jarri baitzuten udaletxeko pleno aretoan. Goizeko jardueratik atseden pixka bat hartu zuten, elkar goxatuz, baina besorik gurutzatu gabe: manifestaziorako apainketa lanak egiten aritu ziren. Bitartean, goizean gertatu zenaren berri eman zuten asanbladan.
12:00etan eguneko agerraldirik jendetsuena egin zuten. Done Eztebe Plazatik atera zen manifestazioa, eta hainbat geldialdi egin zituzten, hainbat esparruri ahotsa emateko.
Hainbat testigantzaren berri eman zuten ibilbidean zehar (esteketan klik egin, testu osoa irakurtzeko): ordaindu gabeko zaintza lanena, etxeko langile migranteena, neska gazteena, Duintasuneko pentsiodunena…
Plazara iritsi zirenean, Anariren bertsioaren bertsioa kantatu zuten Irati Odriozola eta Malen Elizasuk (letra osoa irakur daiteke hemen eta hemen).
Herri akordioaren eske
Manifestazioa bukatzeko, Araitz Olaiz Leibar mugimendu feministako kideak irakurketa egin zuen. “Herria egiteko, antolatzeko eta mobilizatzeko gaitasun izugarria erakutsi dugu”, hasi zen, zorionduz. Atzoko egunaz gain, aurretik egindako lan guztia ere txalotu zuen.
Gogorarazi zuenez, mugimendu feministak aspaldi seinalatu zuen zaintza krisia eta horren “dimentsio globala”. “Pandemiak argi utzi zuen jada kolokan zegoen zaintza erregimena, erabat kolapsatua zegoela. Sistema kapitalistak, patriarkalak eta kolonialak mantentzen duen zaintza erregimen bidegabearen aurrean gaude”. Adierazi zuenez, Martxoak 8ko mobilizazioek zaintza lanak agenda politikoan “kokatzea” lortu zuten.
“Hala ere”, jarraitu zuen, “ikusi ditugu instituzioak eta alderdi politikoak, enpresa multinazionalak eta zaintza erregimen bidegabe hau sostengatzen dutenak gure diskurtsoak lapurtzen. Inongo eduki politikorik gabe, defendaezina dena defendatzen. Inolako lotsarik gabe”.
Aldarriak kalera ateratzearen beharra azpimarratu zuen. Euskal Herriko zaintza-erregimena “asistentzialista eta familista” dela salatu zuten, zaintza familia eta emakumeen bizkar uzten baitu. Gainera, zaintza negozio bihurtu dela gaitzetsi zuten.
Etxeko eta zaintza lanak “gutxietsita eta ikusezin” egon direla nabarmendu zuten, eta horrek “esplotazioa eta prekarizazioa” ahalbidetu duela. Atzerritartasun Legeak eta arrazakeriak dituen ondorioak ere salatu zituzten.
Mundu guztiak greba eskubiderik ez duela gogorarazi zuten, eta atzoko eguna zaintzaileen “ezinbestekotasuna” agerian uzteko probestu zutela adierazi zuen. Pentsiodunen aldarrikapenei ere tartea eman zieten.
Zaintza bermatuko duen sistema publikoa aldarrikatu zuten, izaera publiko eta komunitariokoa. “Herri Akordio bat osatu dugu prozesu honetan batu garen mugimendu feministako, eragile sozial eta sindikatuetako kideok. Ardura eta konpromisoz, erabakiak hartu eta aldaketak emateko unea da orain”. Erakundeei eskatu zieten zaintzaren gaia agendara eramateko, eta eskaerei entzungor ez egiteko.
“Gaurkoa mugarri bat izan da, baina ez da ezeren amaiera. Bide luzea dugu oraindik egiteko eta gaurkoa bezalako beste mugarri ugari izango ditugula ziur gaude”, iragarri zuten. Atzoko mobilizazio egunetik “indartsu” aterako direla adierazi zuten, eta zaintzaren aldeko borroka bizirik mantentzera deitu zuten (testu osoa irakurtzeko).
Zutik emakumeak abestuz bukatu zuten goizeko egitaraua.
Arratsaldean, Errenteria-Oreretan
Udaletxeko pleno aretoan topagunea jarri zuten, 17:00etara arte. Plazan elkartu ziren ondoren, Errenteria-Oreretan ordubete geroago egitekoa zen manifestaziora joateko.
Oinez zutabe bat atera zen bertara, Zaintza aldarrikatzen zuen euskarriekin. Santa Klara plazan bat egin zuten eskualdeko mobilizazioarekin (kronika irakur daiteke albiste honen bigarren erdian).





























