Hipolito Berasategiren hezurrak emango dizkiote Aranzadiri, gaur
2017an lau pertsonaren hezurrak aurkitu zituzten hilerrian, eta haietako bat identifikatu dute. Ekitaldia egingo dute gaur arratsaldean.

Katin Txiki memoria historikoa lantzen duen Oiartzungo elkartearen eskutik, eta udalaren laguntzarekin, lau gorpuren hezurrak aurkitu zituen Aranzadi Zientzien Elkarteak.
Duela bi urte, Gogora institutuak, hiru gorpuren identifikazio lanak ordaindu zituen. Horietako bat da Oiartzunen azaldu dena: Hipolito Berasategi donostiarrarena da.
Oiartzungo Udalak Aranzadiri emango dizkio hezurrak gaur arratsaldean, ekitaldi publiko batean. 16:30ean jarri dute zita, Oiartzungo hilerrian.
“Oiartzungo hainbat eragilek eta Udalak urteetan egindako lanari esker aitaren hezurrak berreskuratuko ditu azkenik Josefa Berasategik”, adierazi du udalak.