Nekazari eta abeltzainek oporrak hartzeko zerbitzua, martxan
Oiartzungo Udalak zerbitzu berria jarri du martxan: lehen sektoreko bajak eta oporraldiak ordezteko zein eskulan estra eskatzeko aukera. Sektore «derrigor» zaindu beharrekoa da udalarentzat.

Oiartzungo Udalak aitzindari izango den zerbitzua jarri du martxan, herriko lehen sektorea babestu eta indartze aldera: nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietako baja edota oporren ordezkapena egiteko zein laguntza behar duten jardueretarako langile bat kontratatu dute. Behemendi Landa Garapen Elkartearen bitartez egin dute kontratazioa, eta hilabete honetan bertan hasi da zerbitzu hori ematen.
Izan ere, Oiartzungo Udalak zehaztu duenez, lehen sektorean aritzen direnek nekez dute atsedenerako tarterik: ukuilu, larre, baratz eta bestelakoen zaintza ezin da alde batera utzi. Zerbitzu berriarekin, lan-karga ahal den neurrian arindu nahi du udalak.
Ibon Mitxelena Ekonomia Sozialeko zinegotziak azaldu duenez, herriko Biziraun mugimenduan engaiatuta dauden nekazari, abeltzain eta baratzezainek egin zioten eskaera udalari. Aztertu ondoren, baiezkoarekin erantzun zieten. Erabakiari testuingurua eman dio Mitxelenak: «Lehen sektorea egoera prekarioan dagoela gauza askorengatik. Adibidez, esplotazio txiki eta handien arteko desorekarengatik. Udalak elikadura subirautzaren aldeko apustua egiten du, eta ekoizle txiki horiek denboran irautea nahi dugu. Sinisten dugu herri batek bere burua elikatzeko gai izan behar duela, eta beharrezkoak dira horrelako politikak».
Zerbitzuak «babes bat» emango diela ziurtatu du zinegotziak, bai eguneroko jarduneko oporraldiak edo bajak ordezterako garaian, baita egun konkretu batzuetan laguntza jaso ahal izateko. Izan ere, Mitxelenaren arabera, lehen sektoreko langileen jarduna «bakartia» izan ohi da askotan, eta bi esku gehiago behar izan ohi dituzte zeregin konkretu batzuetarako. Gaineratu duenez, lehen sektoreko langileen eskaerak bat egiten du udalak duen estrategiarekin. «Uztartu egiten dira batzuen beharra eta besteon ikuspuntua».
Zerbitzu berriak lehen sektoreko 0,5 Nekazaritzako Lan Unitate baino gehiagoko ustiategietan (34 daude Oiartzunen) langileak aldi baterako ez egoteko irtenbide praktikoa eskainiko du. Doakoa izango da, udalak bere gain hartuko baitu zerbitzuak sortzen dituen gastuak. Oporraldietarako, ospakizun berezi bat dutenean edo bajan daudenean eskatu ahal izango dute laguntza, baita eskulan gehigarria behar dutenerako ere, ustiategiaren titularrarekin elkarlanean aritzeko.
Hamar egun urteko
Ustiategi bakoitzak urtean hamar egunez izango du zerbitzua erabiltzeko aukera. Gaixotasun batek eragindako bajen kasuan kopurua luzatzeko aukera ere aztertuko du Oiartzungo Udalak. Gehienez sei egunez jarraian eta egunean zortzi orduz eskainiko da zerbitzua.
Zalantzaren bat edo informazio gehiago nahi izanez gero Behemendi elkartearekin jarri daiteke harremanetan, 943 49 02 19 telefono zenbakira deituta.
Zerbitzu berriarekin, udalak nekazarien presioa eta lan-karga arintzeaz gain, denentzako ingurune «iraunkorragoa eta oparoagoa» sortzen lagunduko duela ziurtatu du udalak.
Izan ere, Oiartzungo Udalarentzako lehen sektorea edota elikadura «estrategikoak» dira. «Derrigor zaindu beharrekoak», Mitxelenak zehaztu duenez. «Horrelako iniziatibekin, sektorea zaintzen duzu, baina bertan lan egiten duten pertsonak ere. Modu horretan, esplotazio horiek denboran errentagarriak izan daitezke, baina baita iraunkorrak ere», gaineratu du zinegotziak.
Lehen sektorearen egoera delikatuak horretara bideratu du udala: «Ez baditugu zaintzen, jai daukagu. Azken 50 urteetan lehen sektorean egon den gainbehera izugarria izan da, eta ekonomian duen garrantzia asko txikitu da. Baserriak zein esplotazioak ere gutxitu egin dira».