AHTaren proiektuari jarritako helegitea aho batez onartu du plenoak
Tren azkarraren proiektua bertan behera uzteko eskatu dute, aho batez. Bestalde, gutxieneko pentsioa 1.080 euroan ezartzea eskatu dute.
Oiartzungo udalbatza plenoan elkartu zen pasa den asteazkenean, eta bertan, gai nagusia Abiadura Handiko Trena (AHT) izan zen.
Oiartzungo Udalak tren horren proiektuari alegazioa aurkeztuko ziola iragarri zuen duela aste pare bat. Gaia plenora eraman behar zuten, eta EH Bilduk eta EAJk aho batez onartu dute proiektuari alegazioa jartzea.
Joana Mendiburu alkateak gogorarazi zuenez, AHTan aditua den ingeniari talde bati eskatu zioten ikerketa egitea. “Beste behin berretsi egiten du AHTren proiektua zentzugabekeria ekonomikoa eta ekologikoa dela”, esan zuen alkateak.
Horrela, udalak eskatu du trenaren proiektua bertan behera uzteko, Astigarraga-Oiartzun-Lezo zatian “bideragarritasun juridiko, tekniko eta ekonomiko ezagatik”.
Hogei urtetik gorako ibilbidea
Espainiako Sustapen Ministerioak ADIFen bitartez aurkeztu zuen, 2001ean, AHTa Oiartzundik pasatzeko proiektua. Ordutik, bi helegite eta hainbat alegazio jarri ditu Oiartzungo Udalak.
2011n Donostiak bidaiarientzako tren geltokia edukitzea aurreikustearekin batera, merkantziak hiriburutik ez pasatzeko bigarren trazadura bat onartu zuten, Oiartzun zeharkatuko lukeena. Hortaz, gaur egun mahai gainean dagoen proiektua merkantziak garraiatzeko trenbidea litzateke.
2020ko udaran aurkeztu zuen Oiartzungo Udalak AHTaren kontrako azkeneko alegazioa. Azpiegiturarekin erabateko desadostasuna azaleratzen zuen alegazio horrek. Honakoak dira udalaren arrazoiak aurkakotasuna adierazteko:
- Udalerriko planeamenduarekiko kontra doalako: Hiri Antolamendurako Plan orokorrak jasota duen trazatua ez da gaur egun lehenesten den hori.
- Herriko interes orokorrarekiko eta tokiko ekonomiarekiko desegokia delako: besteak bestea, industriaguneetan eta Mamut merkatalgunean duen eragin kaltegarriagatik. Era berean, ingurumenean kalte nabarmenak eragiten dituelako harizti eder bat erabat desegiten baitu. Azkenik, herritarren bizi kalitateari kalte nabarmenak egingo lizkiokeelako, besteak beste, zenbait etxebizitzen oso gertutik pasako litzatekeelako eta obrak iraungo lukeen hilabete luzeetan zarata, lur-mugimendu eta trafiko eragozpen nabarmenak sortuko lituzkeelako.
- Bideragarritasun ekonomikorik ez duelako: proiektua justifikatzeko erabiltzen diren trenbide bidezko garraioaren datuak zaharkituak eta desegokiak dira. Gainera, txostenean ez da jasotzen AHTaren obrek %39ko gainkostua izan dutela. Bestalde, ez dira estimatu ere egiten azpiegiturak deuseztatuko lituzkeen enpresa eta etxebizitzak desjabetzeak sortuko lituzkeen gastuak.
Erantzuna jaso du udalak
2020an aurkeztutako txosten horren erantzunak jaso ditu udalak. Udalak ez du ontzat eman, besteak beste, ez delako “benetako erantzunik” ematen, ezta azterketa “sakonagorik” ematen ere. “Oiartzungo Udalari esan zaiona da hurrengo fasean baloratuko direla bere kezkak”, gogorarazi zuten plenoan.
Alegazio berria prestatu eta udalbatzarrean onartu zuten, pasa den asteazkenean. Desadostasunak berresteaz gain, proposatu dute gaur egungo trenbidean inbertitu beharko litzatekeela. Hainbat arrazoi plazaratu ditu udalak: ekonomikoki “bideragarriagoa” delako; lurzoru-baliabideak aurreztuko liratekeelako; eta ekonomia- eta ingurumen-arloko ziurgabetasunei aurre egitea saihestuko lukeelako. Udalaren ustez, planteatzen diren obrak “konplexuak eta zailak” dira.
Horrez gain, alegazioak eskatzen du zehazteko zein merkantzia garraiatuko liratekeen, eta istripuren bat gertatuz gero zein arrisku izan dezaketen.
Gainera, azken alegazioa denez halabeharrez, ingeniari taldeak tokiko interesak aintzat hartuko dituen ibilbide berri bat erantsi dute. Ibilbide horretan industria ez da kaltetzen, ingurumena gehiago babesten da eta etxebizitzetatik urruntzen da. Horregatik, udalerriko ekonomiari, ingurumenari eta paisaiari ahalik eta kalte gutxien egiteko trazadura alternatiboak aztertzeko eskatu zuten EH Bilduko eta EAJko zinegotziek.
Alkateak azaldu zuen zergatia: “Proiektua bertan behera uztea eskatzen dugu bideragarritasunik ez duelako eta egingo badute, proposatu ditzatela kalteak minimizatzen dituzten alternatiba berriak, udala gai izan baita hilabeteko epean askoz kalte txikiagoa eragingo lukeen trazadura berri bat proposatzeko”.
Pentsioak, 1.080 eurora
Duintasunak mozioa aurkeztu zuen, gutxieneko pentsioak 1.080 eurora igo daitezen. Pentsiodunen mugimenduak azaldu zuenez, kopurua horraino igotzea “premia sozial eta urgentziazkoa” da. Gaur egun Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan 167.718 pentsiodunek 1080 eurotik beherako diru-sarrerak dituztela azaldu zuen, emakumeak gehienak.
Modu horretan, Hego Euskal Herriko gobernuei eskatu diete beraien eskumenak egikaritu, eta gutxieneko pentsioa 743,49 eurotik 1.080 eurora pasatzea. Izan ere, Duintasunaren arabera, pentsio baxua jasotzen dutenek ez dute haien beharretara egokitutako etxebizitzarik jasotzeko eskubiderik, ezta elikadura osasuntsua edota mendekotasuna artatzeko aukerarik.
EH Bilduko zinegotzien botoekin atera zen mozioa aurrera. EAJk kontrako botoa eman zuen. Horrela azaldu zuen Janire Mitxelena bozeramale jeltzaleak: “Gizarte Segurantza da egokitzapenak gauzatu behar dituena eta hori Estatuaren eskumena da”. Euskal instituzioak interpelatzearena ulertzen ez duela gaineratu zuen, eta ea bidezkoa litzatekeen kotizatu ez dutenek kotizatu dutenek bezala 1.080 euro jasotzea.