Gipuzkoako Batel Ligaren bigarren jardunaldia, San Pedron
Igandean izango da lehia, 10:00etatik aurrera. Bertan, Oarsoaldeko hiru taldek izango dute ordezkaritza.
San Pedron izango da lehia. Gipuzkoako Batel Ligako bigarren jardunaldia jokatuko dute igande honetan (hilak 28) Pasaiako badian, Sanpedrotarra Arraun Elkarteak antolatuta. 10:00etan hasiko da erlojupeko lehia. Bertan dozenaka ontzi izango dira, hainbat kategoriatakoak. Oarsoaldeko batelak San Pedro, San Juan eta Hibaikakoak izango dira. Herrialdeko ligako lehen estropada hilaren 14an jokatu zen Orion.
Udalak jakinarazi duenez, igandeko estropada “antolatzeko espazioa ahalbidetzeko” Trintxerpeko kaiko aparkalekua itxita mantenduko da.
Une gozoa bizi du Sanpedrotarra Arraun Elkarteak, igandean anfitrioi lanak egingo dituen klubaren egungo egoeraz mintzatu da Xabier Isasa presidentea: “Iazko arraunlari denboraldi gogoangarriaren ondoren, Libia traineru nagusia TKAren (Traineru Kluben Elkartearen) ligara igo ondoren (Eusko Label Ligara hain zuzen ), klubak harrobiko kategorietan urtetan izan dituen fitxa kopururik handiena du 2024 denboraldiari begira”. Egun, fitxa kopuruari dagokionez, Gipuzkoako laugarren kluba da ia kategoria guztietan Sanpedrotarra (seniorren izan ezik), bai emakume eta baita gizonetan ere. Orotara, 66 neska-mutilen fitxak lortu dituzte denboraldi honetan.
Azken urteetan harrobiaren hazkundea “ikusgarria” izan dela dio Isasak, eta “arraunaren historian orrialde handiak idatzi nahi dituen klub baten oinarria sendotzen” ari direla. “Azken urteotan isilean egiten ari garen lanaren erakusgarri da, baina fruituak ematen ari da. Arrauna neska eta mutil asko erakartzen dituen kirola da gaur egun, eta horrek sinesmen iraunkorrerako eta etorkizuneko proiekturako oinarriak ezartzea dakar”, esan du presidenteak. Aurtengo helburua goi mailari eustea izango dela erantsi du Isasak, eta emakumezkoen trainerua osatzeko lanean ariko direla, “lehen mailan lehiatu ahal izateko”.
Azkenik, arrauna ezagutzeko kezka, gogoa eta bokazioa duen orori klubera gerturatzeko deia egin dio, “Sanpedrotarra familia hadi horretako kide izatera pasatzeko zer aukera dauden ikusteko, etorkizun handia eta idazteko orririk onenak baititu”.
