Portua Jaurlaritzaren "eskumen esklusibo" izatera pasa dadila eskatu du EAJk
Eusko Legebiltzarrerako Oarsoaldeko eta Bidasoko hautagaiak aurkeztu zituzten atzo. Besteak beste, portuko azpiegitura desklasifikatu, interes orokorreko izaera kendu eta Jaurlaritzaren eskumen esklusibo izatera pasa dadila nahi dute jeltzaleek.
EAJ taldeko Gipuzkoako hautagaiek ekitaldia egin zuten atzo Pasaian, “alderdiak azken urteotan erakunde ezberdinetako lidergoetatik, badia biziberritzeko egindako apustua berresteko” asmoz. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako Gipuzkoako zerrendaburu Bakartxo Tejeriak azken urteetan “Pasaialdean emandako aurrerapausoak” gogora ekarri eta Pasaiako Portuaren inguruan “beste urrats bat” ematearen alde egin zuen. Hain zuzen, azpiegitura desklasifikatu, interes orokorreko izaera kendu eta Eusko Jaurlaritzaren eskumen esklusibo izatera pasa dadila nahi dute jeltzaleek. Tejeriak argudiatutakoaren arabera, portua jaurlaritzatik zuzenean kudeatzeko baldintzak betetzen dira.
Atzoko ekitaldian jakinarazi zuenez, portua jaurlaritzaren eskumen izatera pasatu dadin alderdiak “elkarrizketa” bideratuko du: “Gernikako Estatutuaren arabera, Euskadirena da interes orokorreko ez diren portuen kudeaketa”, argudiatu zuen Tejeriak. Horri lotuta, Tejeriak administrazio orokorrari “operazio hau finantzatzeko konpromisoa har dezala” eskatu zion.
Lezoko terminal intermodal eta logistikoaz ere hitz egin zuen zerrendaburuak, “proiektuari behin betiko bultzada ematea ahalbidetuko duen akordio politiko eta instituzional baten alde” eginez. Tejeriak gogorarazi zuen bezala, lau urte igaro dira Estatuko Garraio Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen Sailak aipatutako terminal intermodal eta logistikoa garatzeko lankidetza protokoloa sinatu zutenetik. “Harrez gero, Lakuak urratsak ematen jarraitu du informazio azterlana egin eta Lezon azpiegitura eraikitzeko, Trenbide Zerbitzuko Gunea Antolatzeko Plan Berezia garatuz. Oso proiektu garrantzitsua da, portuko trafikoak bultzatuko dituelako eta, gainera, garraio horiek Donostiatik igarotzea saihestuko duelako”, esan zuen.
Tejeriarekin batera Oarsoaldea eta Bidasoko hautagaiak izan ziren, Loreto Osa eta Elixabete Murua Oarsoaldetik, eta Arantzazu Rojo Bidasotik. Haiekin batera Joseba Egibar GBBko presidentea, Eider Mendoza diputatu nagusia eta bi eskualdeetako bozeramaile eta zinegotziak izan ziren.
Hauek “jaurlaritzatik, aldunditik eta Oarsoaldeko udaletako lidergotik bideratutako erakunde arteko elkarlana” nabarmendu zuten, “honi esker Pasaialdean proiektu garrantzitsu askok behin betiko bultzatzea jaso dutelako” haien arabera. Horien artean, Adinbderri zahartze osasuntsurako zentroa, topoaren lurperatzea, Andonaegiko etxebizitzen berritzea edo San Pedroko lonjaren estalkia eraikitzea aipatu zituzten.