1936ko gerrako bi jaurtigai aurkitu dituzte Zirizako aparkalekuan
Ezustekoa izan da goizean Trintxerpen, zorionez, inolako ondoriorik gabe. Jaurtigaiak operatibo zeudela egiaztatu du Ertzaintzak.
Gaur aurkitutako bi jaurtigailuak. Ezustekoa izan da gaur goizean Trintxerpen. Sustoa besterik ez da izan zorionez, baina herritar batek bi jaurtigai aurkitu ditu Zirizako aparkalekuan. Ondorioz, Trintxerpeko alkateordetza hustu behar izan dute.
Herritarrak Udaltzaingoaren egoitzara eraman ditu jaurtigai horiek, eta ondoren, Ertzaintzaren lehergailuen unitatea bertaratu da. Lehergailuak 1936ko gerrakoak direla eta operatibo zeudela egiaztatu dute ertzainek.
Jose Maria Faya Pasaiako Udaltzaingoaren buruak X sare sozialean gogorarazi duenez, horrelako artefaktu bat aurkituz gero, ez da manipulatu edo mugitu behar. Berehala agintariak ohartarazi behar direla gogorarazi du, beharrezko neurriak har ditzaten.
