San Pedroko Arraunlari kaleko zoladura berritzen hasiko dira astelehenean
Udaleko iturriek aipatu dute "atalka" egingo dituztela lanak, "bizilagunen egunerokoan ahalik eta eragin gutxien izan dezaten".
Pasaiako Udalak jakinarazi du datorren astelehenean (hilak 8) hasiko dituztela San Pedroko Arraunlari kaleko zoladura berritzeko lanak. Lanak bukatzeko 3-4 egun beharko dituztela aurreikusi dute, eta beraz, ostiralerako (hilak 12) bukatuta izango direla. Udaleko iturriek aipatu dute “atalka” egingo dituztela lanak, “bizilagunen egunerokoan ahalik eta eragin gutxien izan dezaten”. Hala, egun bakoitzean asfaltatuko den zonaldea balizatu, ibilgailuz hustu eta by-passa ezarriko dute, eta beste pasabide bat eskainiko zaie ibilgailuei portuko eremutik. Arraunlari kalearen gainontzeko espazioa aparkatzeko libre izango da.
Egungo zuloen eta areken egoera konpontzeaz gainera, ibilgailuentzako plazak neurtu eta berriro margotuko dituzte, “oinezkoentzako guneak errespetatu, trafikoa ordenatu eta espazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko helburuz”. Bide marrak ere berriro margotuko dituzte, baita ere bertakoentzako eremua adierazten dutenak ere.