'Turismo Etikoa' bereizgarria lortu du Arditurrik
Oiartzungo paisaia eta aberastasun natural, monumental eta kulturala babestu, kontserbatu eta ezagutarazteko egindako lanagatik jaso du zigilua.
Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak ematen duen ‘Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa’ berezigarria lortu berri du Oiartzungo Arditurriko meategiak. Zigilu honek, Oiartzungo Udalaren arabera, “garapen eraginkorraren eta arduratsuaren balioak behatu, sustatu, aplikatu eta aitortzea” du helburu. Horren alde egindako lanagatik aitortu dute Arditurri, Oiartzungo paisaia eta aberastasun naturala, monumentala eta kulturala babestu, kontserbatu eta ezagutarazteko egindako lanagatik hain zuzen.
Zigilua emateko hainbat irizpide izaten dituzte kontuan: parke naturaleko baliabideak babesteko antolatzen diren txangoetan eta meategi barruko bisita gidatuetan aforoa zaintzea; bertako kultura zabaltzeko herriko eragile, elkarte eta beste museoekin elkarlanean eskaintza ezberdinak egitea; edota antolatzen diren jarduerak anitzak izatea. Horrez gain, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzen duten praktikak egitea ere bada bereizgarria lortzeko lantzen den konpromisoetako bat, eta zentzu horretan udalak Arditurrin egindako lana balioan jarri du agentziak.
Udaleko iturrien arabera, azken 15 urteetan Arditurrik “ikusezinari leku egitea” ere helburu izan duela gaineratu dute. Besteak beste, emakumeek meatzaritzan izan duten presentzia eta egindako lana ikusarazi, beraien lana errekonozitzeko eta genero rol tradizionalen inguruan errotuta dauden estereotipoak eraisteko hainbat egitasmo antolatu ditu udalak, askotarikoak.