Garaje ate bat, kebaben bat, lahar asko eta 21 aulki
‘Birsortu’ erakusketa inauguratuko du Allende Arnaizek, etzi, 21 Aulkiren barruan. Basoa eta langile auzoak parez pare jarri ditu, serigrafia eta argazki dokumentudun instalazio baten bidez.
Laharra. Baso zirenak larre bilakatu zituen gizakiak, nekazaritza eta abeltzaintza ustiaketarako. Larreetako jarduna utzi ahala, laharrak, sasiak, jan zituen behinola emankorrak izan ziren eremuak. Laharraren artetik, baina, zuhaixkak jaiotzen dira, animaliek edota haizeak eramandako hazien bitartez. Bizitza sortzen da berriro; zuhaixkak handitu ahala zuhaitz bilakatzen dira, eta haien itzalpean desagertzen joaten da laharra. Basoa birsortu da.
Langile auzoak. XX. mendearen bigarren erdialdean, nekazal eremuetatik exodoa izan zen, eta esku-lana behar zuten fabriken bazka izan ziren. Haientzako auzoak eraiki ziren, harmonia handirik gabeko planifikazioekin. Sortu berritan, ezagutu zituzten tailerrak, komertzioak, estreinatzeke zeuden etxebizitza berriak. Garai —ustez— onenak atzean utzita, ezagutu zuten hala-nolako dekadentzia: jatorriko herrira bueltatu ziren lanera etorri zirenak, komertzioak itxi zituzten, jarduera zuten tailerretatik ez da zaratarik ateratzen. Hala ere, biztanle berriak etorri dira, bere hazia ereiten ari dira. Paisaia eraldatzen ari dira, etxebizitzen fatxadetan antzematen da, baina baita linguistikoki ere. Eta gastronomikoki. Auzoa, basoa bezala, birsortzen ari da.
Natura eta hiria, hiria eta natura. Horien bien gainean begirada —eta aurreko paragrafoetako hitzak— jarri ditu Allende Arnaiz sortzaile oiartzuarrak Birsortu erakusketan. Adierazi duenez, bien artean kontraste handia badago ere, biak ala biak birsortze prozesu beraren parte dira. «Degenerazioa egoera negatibo baten seinale izanik ere, biziberritzearen parte da: naturaguneen berreskuratzea eta degradatutako auzuneen biziberritzea», zehaztu du Arnaizek.
Metrokoadroka Ehuntze kolektiboak antolatzen duen 21 Aulki zikloaren ardatza izango da etzi arratsaldean abiatuko den erakusketa; 17:30ean hasiko da inaugurazio ekitaldia. Hilaren 27ra arte ikus ahal izango da; astelehenetik ostiralera 17:00etatik 19:30era, larunbatetan 11:00etatik 13:30era. Era berean, etziko ekitaldian Metrokoadrokaren Artemugarri aurkeztuko dute; artisten lanetatik ateratako liburu bilduma izango da.
Erakusketa ikustera joaten denak Laharrak eta belarrak serieko serigrafiak aurkituko ditu, Errenteria-Oreretako Iztieta auzoko garaje batekoekin aurrez aurre jarrita. Arnaizek gogorarazi duenez, serie horrekin bazterreko landaredia jaso zuen, haien «garrantzia eta edertasuna» azaleratuz. Modu berean, Iztietako auto konponketa garajeen ateen estetika erabili du, serigrafia bidez manipulatuz. «Auzoaren eraldaketa prozesua begi bistan jarri nahi nuen. Lehengo komertzio gehienak desagertzen ari dira, baina baita berriak sortzen ere, bizilagun berrien ohiturak eta beharrak asebetez: halal harategiak, kebabak, bizartegiak, yoga zentroak, kafetegiak…».
Bi elementuak bere testuingurutik atera eta manipulatuz, artistak beren izaera eraldatzaileari garrantzia eman nahi izan die. Garajeko atearen zati batekin patroi bat egin du, errepikapenaren bidez irudi geometrikoak sortuz. Ehuntze espazioan jarritako instalazioan bere konposizio propioa egin ahal izango dute bisitariek.
Ekitaldi gehiago
Iaz Onintza Etxebesteren erakusketarekin egin bezala (udazkenean Ainara Lasaren txanda izango da), saio osagarriak eskainiko ditu 21 Aulkik. Gaur zortzi, Ula Iruretagoienak solasaldi tailerra gidatuko du, 18:00etan hasita.
Horrez gain, tailerra eta ekintza artistiko efimeroa egingo dute hilaren 26an. Arnaizek berak gidatuta, Oiartzungo toki bat eraldatuko dute gazteek, parte hartu nahi duten herritarrekin batera. Natura eta langile auzoetan gertatzen den bezala, hura ere birsortu nahi dute.