Batelerak, Pasaia Itsas Festibaleko protagonista nagusiak
Pasaiako Batelerak elkarteko kideek jaialdiaren une garrantzitsuak dinamizatuko dituzte aurten. Bestalde, emakume hauen historia ziurtatzeko helburuarekin, 'Tere Batelera' izeneko ipuina kaleratu berri dute.
Pasaiako Itsas Festibala ate joka dagoela probestuz, aurkezpen bikoitza egin dute gaur Albaola Itsas Kultur Faktorian. Batetik, Pasaiako Batelerak elkartea bera aurkeztu du emakume hauek aurtengo jaialdian izango duten zereginaren berri eman dute, aurtengo jaialdiaren protagonistetako batzuk izango baitira. Bestetik, Tere Batelera haurrentzako liburua aurkezteko probestu dute gaurkoa. “Gure portuetatik desagertutako ofizio honen memoria zabaltzeko” asmoa izan du gaurkoak.
Gaurko aurkezpenaren aurretik Pasaiako Batelerak elkarteko zortzi kidek Zortzikoa dantzatu dute, Marijo Gaztelumendi txistulariaren laguntzarekin. Dantzaren ondoren, Xabier Agote Albaolako presidenteak hartu du hitza: “oso pozik gaude ipuin honekin eta bateleren amets honekin, askoz gehiago merezi dute, gutxienez gure aletxoa jartzen saiatzen gara, gure itsas historian bateleren papera argitzeko bide bat irekiz. Pasaian, emakumeek oso paper nabarmena izan dute beti portuko jardueretan, eta, nolabait, itsas historiaren zati hori nabarmentzeko unea da”, esan du.
Batelerek, bada, “bere presentziarekin eta dantzekin festibalaren une garrantzitsuenak dinamizatuko” dituztela aurreratu dute. Liburuak, ordea, “emakume hauen historiaren transmisioa ziurtatzeko” balioko duela gaineratu dute. Ipuinak “emakume horien historia euren jarduera profesionala ezagutu ez duten belaunaldi berriei hurbiltzea” du helburu nagusi.
Pasaiako Batelerak taldeko Lourdes Castillo eta Karmele Camarak bateleren figurak haientzako duen garrantziaz aritu dira: “erreferente historiko garrantzitsua da eta ohore handia da guretzat haiek janzten ziren bezala janztea. Haien irudia ikusarazteko haiek erabiltzen zituzten jantziak janzten ditugu. Irudi hori oso erakargarria da orain bisitarientzat eta pasaitarrentzat. Haien galderei erantzutea haien existentzia eta portu honetako eguneroko bizitzan izan zuten garrantzia zabaltzeko modu bat da. Haiek omentzeko modu bat da, haien oroitzapena berpizteko eta haien lan handiari balioa emateko”, adierazi du Castillok.
Camarak gaineratu du ipuinak “berebiziko garrantzia” duela haientzat, “eta urrats handia egiten ari garen kontakizunean”. Festibalak “gure ahalegina hain modu nabarmenean ikusarazteko ematen digun aukera” eskertu dute ere, eta Albaolari eskerrak eman dizkiote, “batelerak ondare direlako eta dagokien lekua eman behar zaielako”, Camararen hitzetan.
Teo Alberro alkatea ere izan da aurkezpenean. Elkarteari “eskerrik beroenak” adierazi dizkio, “antzinako ofizio honen oroimena zaintzen eta zabaltzen egindako lan nekaezinagatik”.
Literatur lan bat baino gehiago
Nerea Intxausti Castiñeirak sortu eta idatzi du haurrei begirako liburu hau (Ainhoa Aizpurua Oyarbidek ilustrazioekin ). Honetan, batelerek Pasaian izan zuten historia eta garrantzia jaso du, ipuin moduan. San Pedron amarekin eta anai-arrebekin bizi den Tere neskato pasaitarraren istorioa kontatu du. “Egun batean batelera izateko aukera emango diote, eta ezingo dio uko egin”, aurreratu dute. Maiatzaren 9tik 12ra luzatuko den Pasaia Itsas Festibalean salgai jarriko dutela iragarri dute gaur, informazio gune guztietan.
“Literatur lan bat baino askoz gehiago” dela adierazi dute gaurko aurkezpenean: “Belaunaldien arteko zubia da, Nereak ireki digun leihoa, iragana bizi izan zutenen begietatik begiratzeko”, erantsi du alkateak.
Pasaiako Portuko Agintaritzako zuzendari David Candelariok ere hitza hartu du. Festibalak “gure itsas eta kultura ondarea balioesteko eta batelerak omentzeko” balioko duela esan du, “emakumeek mendeetan zehar Pasaiako portuan egin zuten funtsezko lan bat ikusaraziz”.
Azkenik, aldundiko Kulturako zuzendari nagusi Maria Jose Telleriak honakoa adierazi du: “Gaur aurkezten dugun liburu honek ahotsa ematen dio batelerek ikusezin bihurtzen zituen gizarte batean bizkarrean zeramaten pisuari. Ahanztura historikotik haien oroimena berreskuratzeaz gain, emakumeek garai hartako bizitza ekonomiko eta sozialean zuten garrantzia aitortzea ere bilatzen du proiektu honek. Emakume guztiek historian zehar izan duten ezinbesteko zereginaren oroigarri dira, gure gizartearen funtsezko egiturei eutsi baitzieten haien ahaleginarekin”.