Oriotik abiatuko da hirugarren Pasaia Itsas Festibala
"Orioko herriak euskal itsas ondarearen alde eginiko lana" aitortuko du jaialdiak, maiatzaren 8an egingo duten topaketa berezi batekin.
Datorren maiatzaren 9an (osteguna da) abiatuko den Pasaia Itsas Festibala berotzen hasteko, ekitaldi berezia egingo dute Orion. Izan ere, herri honetatik abiatuko da hirugarren jaialdia. Maiatzaren 8an (asteazkena) izango da topaketa berezi hori. “Orioko herriak euskal itsas ondarearen alde eginiko lana aitortu” nahi dute egun honekin, “itsas historiaren babesean egindako lana ezagutzera” emateko asmoz. Mutiozabal Txoren ontziolan izango da topaketa.
Osteguneko topaketa 17:00etan abiatuko dute, ongietorria emango diote Pasaiara abiatuko diren ontzietako tripulazioari. Jarraian, 18:00etan, hitzaldia eskainiko du Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko zuzendariak.
Maiatzaren 9an, berriz, 12:00etan agur ekitaldia egingo dute, Orion elkartuko diren ontzi guztiak elkarrekin Pasaiarantz abiatzeko. 18:00etan helduko dira Pasaiako badiara, Aita Mari erreskate ontziaren atzetik iritsiko dira gainerako ontziak. Hala, lau egunez, badia “kolore, soinu, forma eta usain bereziz jantziko” dutela aipatu dute festibaleko iturriek. “Herriak duen itsas izaera sekula baino biziago agertu eta kresal usaina barruraino errotua duten pertsonekin historia eta kulturaz” gozatzera deitu dituzte inguruko herritarrak.