Donibane kaleko festa berreskuratuko dute
1972an ospatu ziren azken aldiz, eta ekainaren 22an izango da berriro. Aspaldiko jarduerak berreskuratu eta berriak txertatuko dituzte.
Oiartzuar askok jasoko zuten bideo bat. Sara Montiel agertzen da, 1962 La reina del Chantecler filmeko eszenarik ospetsuenean. Oiartzunera doazela esaten diote, festak direlako.
Aktore espainiarra egun bizirik balego, eta ekainaren 22an Oiartzunera joateko esango baliote, festa giroa aurkituko luke. Donibane kalean, zehazki. Izan ere, kale horretan bizi den talde batek auzoko jaia berreskuratzea erabaki du, eta festa egitea.
San Joan Eguna —hilak 24— astelehena denez, bi egun lehenago egingo dute ospakizuna. Oraindik ez dute egitaraua publiko egin, baina antolatzaileek aurrerapen batzuk egin dituzte. Aspaldiko jarduerak berreskuratuko dituzte, eta berri batzuk txertatu.
Aurreratu dituzten ekitaldien artean, emakumeen arteko pilota partidak jokatuko direla kontzejupean, eta Donibane kalea musikaz beteko dela. Argazki zaharrak ere jarriko dituzte.
Antolatzaileek gogorarazi dutenez, 1972an ospatu zituzten azkeneko aldiz. “Pentsatzen da —besteak beste— euskal kantak abesten zirelako frankismoaren jazarpena jasan zutela, eta horregatik ospatzeari utzi zirela”. Bermutaren orduan euskaraz kantatzen arituko dira. Hala ere, datozen egunetan egitarau osoaren berri emango dute.
Sara Montiel 2024ko ekainaren 22an etorriko balitz, beraz, festa giroa topatuko luke. Donibane kalean aurkituko ez lukeena estankoa izango litzateke, itxaroten ari den bitartean erre eta kantatzeko.