Aurre txupinazoa gazteek bota dute

Zapi arrosa lepoan, Lino Gunean egin dute Gazte Eguneko bazkaria Errenteria-Oreretako gazteek. Gauera arte festa luzatzeko egitaraua prestatu dute, madalenak gogoz hasteko.

Oreretako Gazte Eguna egiten ari dira Lino Gunean. Madalen jaien hasieran, gazteek aurrea hartu diote festari eta bazkarian murgilduta daude, OaingozHau eta Oreretako Gazte Asanbladaren deiari andana gaztek erantzun diote beste urte batez: “hemen  gaude berriz ere, gazteak elkartuz eta kateak apurtuz” adierazi dute Axi Veintemillasek eta Haizea Ruizek, Oreretako Gazte Asanbladako kideek.

Ibon Zabala Lizarazu izan dute gogoan, haren heriotzaren 29. urteurrenean. “Ez zaitugu ahazten Ibon, gazte mugimenduaren oroimenean egongo zarelako beti”. Zabalari esker borrokan segitzen dute, “laino guztien azpitik eta sasi guztien gainetik”. Eskerrak eman dizkiote Zabala oreretar gazteari.

Ondoren, sari banaketaren txanda izan da. Olinpiaden talde irabazlea bigarrena izan da eta taldekide bakoitzari oparitxo bat eman diete gazte asanbladakoek.

Bestalde, gaurko gazte eguna antolatzeko “atsedenik gabe” aritu dira lanean gazteak, eta gogoratu dute haiek egin ezean, inork ez duela haien alde egingo. Gazteen antolakuntzak “suntsituko “duela sistema kapitalista zisheteropatriarkatua azaldu dute irmo, eta ez dutela inposatutako egungo sistema “zikina” nahi. Gainera, argi utzi dute ez dutela “inolako erasorik” onartuko.

Bazkariaren ondoren festak segituko du elektrokelarekin, Etxepe taldearekin, Herdoil taldearekin, Dj Liatu Gareterekin eta Bixkor txarangarekin. Txupinaren atarian, sua eta kea piztuta daude.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.