'Indarkeriaren oi(h)artzunak' filma eta solasaldia urrian, Landetxen
Esteban Muruetagoiena mediku oiartzuarra 1982. urtean hil zen Guardia Zibilaren eskutik jasandako torturen ondorioz. Haren alabaren mina du ardatz filmak.
1982. urtean hil zen Esteban Muruetagoiena Oiartzungo medikua. Bederatzi egunez atxilotuta izan zuen Guardia Zibilak, eta aske utzi eta hiru egunera hil zen jasandako torturen ondorioz. Haren alaba Tamara Muruetagoienak 42 urte daramatza egiaren eta justiziaren bila, oraindik ez baitu jaso poliziaren torturen biktima errekonozimendurik.
Ildo horretatik, urte guzti hauetako mina eta egindako bidea Indarkeriaren oi(h)artzunak filmean jaso dute Ander Iriarte eta Amaia Merino zuzendariek. Dokumentala Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, eta Film Luze Onenaren Ikusleen saria lortzeaz gain, Amnesty Internationalek aipamen berezia eman zion argitu gabe jarraitzen duten tortura kasuak salatu eta ikusarazteko egindako lanagatik.
Urriaren 5ean (larunbata) emango dute Oiartzunen lehen aldiz Indarkeriaren oi(h)artzunak filma, eta ondotik, zuzendari eta protagonisten solasaldia ere egongo dira Landetxen, 18:30ean.