Pasaiako hiru ludotekak, ateak zabaltzeko prest
Datorren asteartean zabalduko dituzte hiru aretoak, eta ekainera bitarte zabalik izango dira. Astelehena izango da matrikulatzeko azken eguna.
Pasaiako udal ludotekak ikasturte berrirako prest dira. Datorren urriaren 1ean (asteartea da) zabalduko dituzte ateak, eta udalak jakinarazi du datozenak azken egunak izango direla izena emateko. Astelehena (hilak 30) izango da matrikulatzeko azken eguna. Trintxerpe-San Pedro, Donibane eta Antxoko egoitzetan eman beharko dute izena aurtengoan pate hartu nahi duten 4-12 urte bitarteko haurren gurasoek, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:30era. Ohiko inprimakia bete beharko da (ludoteketan edo HAZ bulegoetan eskura daiteke).
Haurrek jolaserako zein heziketarako eremu batekin egingo dute topo ludoteketan, denetik aurkituko dute bertan: jolaserako eremuak, liburuak, ipuinak, mahai jokoak, lantegiak, txotxongiloak, txangoak, irteerak, jolas kooperatiboak… Aurten ere 350 bat haur espero dituzte.
Julen Rodriguez Haur, Nerabe eta Gazteria saileko zinegotziaren arabera, “jolasa haurren garapen, osasun eta ongizaterako ezinbestekoa da, eta baita haien eskubide unibertsala ere”. Zinegotziak nabarmendu du ekipamendu horien helburua “euskararen erabilera aberastea” ere badela, “ikastetxeetatik kanpo hori naturaltasunez egiteko espazioak eta baldintzak eskainiz”.
Ekainera arte izango dira zabalik hiru zentroak, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 11:00etatik 13:00etara. Izena eman arren, haur guztiak ez daudela egunero joatera behartuta gogorarazi du zinegotziak: “egoki irizten dioten egunetan joan daitezke”.
Zinegotziak gaineratu du azken urte honetan ekipamenduak eta instalazioak hobetzeko lanean ari direla, “ekipamendu moderno, funtzional eta alaiak sortzeko” asmoz.
Ikasturte osoko matrikula 57,32 eurokoa izango da, baina familia ugarientzat eta zailtasun ekonomikoak dituztenentzat hobariak izango dira.