Gaintxurizketako bizilagunak, xehetasun eske
Gaintxurizketako pasabidearen behin-behineko proiektua onartuta, bizilagunek xehetasunak eskatu dituzte, zer eta noiz egingo duten.
Gaintxurizketan behin-behineko pasabidea egingo dela iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lezoko Udalarekin eta Eusko Trenbide Sarearekin (ETS) sortua den koordinazio mahaiaren erabakia da, behin betiko soluzioa adostu eta egin bitartean; atzoko Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran neurri hori aurkeztu, eta onartu egin zuten foru erakundean ordezkaritza duten alderdi politikoek. Hartara, gaia fintzeko bilera egingo dute hiru aldeek (aldundiak, udalak eta ETSk) hilaren 16an. Gi-636 errepideak sortzen dituen arazoen kaltetu, ordea, inguruan bizi eta lan egiten dutenak dira. Haien iritzia bildu du HITZAk. Azken urrats horiekin gustura bai, baina xehetasunak behar dituztela adierazi dute. “Zer zehazki eta noiz egin behar diten jakin nahi dugu”, azaldu dute.
Batzar Nagusietako bilkuran izan ziren atzo Gaintxurizketako lau bizilagun, Mikel Arruti alkatearekin batera. Auzokideek aipatu dute alderdi politiko guztietako ordezkariek haiekin hitz egin zutela, baita Felix Urkola Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak ere. “Baina xehetasunak nahi ditugu. Zer zehazki eta noiz egingo duten. Epeen berri jakin nahi dugu. Urgentziazkoa da neurriak hartzea, eta epeen gaia oso garrantzitsua da guretzat berriz ere istripurik eta hildakorik izan ez dadin”, azaldu dute auzokideek: “Ondo dago adostasuna. Baina hitzetatik ekintzetara pasa daitezela, ekintza zehatzetara eta epeak azalduz”.
Baikor baloratu dute aldundiak atzo zabaldutako proposamena. “Oso pozik gaude esaten ari diren guztiarekin, baina esaten dena egin behar da”, esan dute. Gi-636a seguruago izan dadin lanean jarraituko dutela azaldu dute bizilagunek, eta adi izango direla ematen diren urratsei. Gainera, baikor baloratu dute ere Lezoko Udalarekin izaten ari diren hartu-emana, udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek (EH Bildu, EAJ eta PSE-EE) bat egin dutelako haien eskaerekin, eta duten hurbileko harremana baloratu dute.
Badute kezkarik, ordea. Jakinarazi dute atzo aldundiak zabaldutako behin-behineko proposamenean auzokideek eskatutako hainbat alor ez daudela jasota. Adibidez, Gaintxurizketako igoerako errail bat kentzea aurreikusi du aldundiak; etete hori luzeagoa izan dadila nahi dute bizilagunek, “gutxienez 500 metrokoa izatea nahi dugu errail horren mozketa, Gaintxurizketako kaskoraino. Ez da zentzuzkoa 150 metroan bi errailetako bat kendu, eta berriz ere bira zabaltzea. Horrek ibilgailuen abiadura handitzeko besterik ez du balio. Etenak luzeagoa izan beharko luke, bertatik ez oinezkoentzako ez eta txirrindularientzako tarterik ez delako. Hau da, bi errailetako bat osoki ezabatzea eskatzen dugu”.
Bestalde, Gaintxurizketako kaskoko autobus geltokien moldaketa eskatu dute, seguruago izan daitezen; han beste pasarela goratu bat egiteko aukera aipatu dute auzokideek. “Baina onena, gure ustez, pasabidea eraiki behar den eremuaren ondoan autobus geltoki berria egitea litzateke”, zehaztu dute. Horrez gain, auzoaren irisgarritasun orokorrari begira, topoak 30 Gaintxurizketako geralekuan 30 minutuero gelditzen dira, nahiz eta 15era pasa. “Nahiko genuke 15 minutuero gelditzea”. Bai geltokiaren zein topoaren maiztasunaren gainean dituzte ekarpenak aztertzeko gaur dira biltzekoak Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun diputatuarekin.
