Egunero kalera ateratzeko deia egin dute
Lapurretak eta segurtasun eza handitzen ari direla salatzera atera ziren beste egun batez Trintxerpeko hainbat herritar. Azaroaren 5era bitarte mobilizatzen ariko dira egunero.
Atzo (hilak 16), bosgarren egunez jarraian, Trintxerpeko herritar talde batek manifestazioa egin zuen barrutiko kaleetatik. Besteak beste, lapurreta gehiagorik ez dutela onartuko adierazi zuten. Azken asteetan hainbat lapurreta izan direla eta segurtasun eza gero eta handiagoa dela salatu du talde honek. Sare sozialetan zabaldu diren zenbait mezuri erantzuten ari dira herritarrak. Besteak beste, joan den astean izandako liskarra ere salatzera atera ziren kalera.
Manifestazioan zehar, askotariko mezuak oihukatu zituzten manifestariek, honakoak nagusi izan zirelarik: “Ez lapurtzera, etor zaitez lan egitera”; “lapurrak kanpora”; edo “Trintxer batuta, ez da sekula garaitua izango”. Antolatzera deitu dituzte trintxerpetarrak, “eta batez ere denon artean hitz egin jende honen kontra berehala zer egin eta nola jokatu erabakitzera”.
Datorren azaroaren 5era bitarte egunero deitu du protesta talde honek. 19:00etan bilduko dira, Trintxerpeko sarreratik (Gomistegiko biribilgunetik) manifestazioan abiatzeko.