Elkarbizitza, kezka iturri Trintxerpen
Azken egunetan Trintxerpen sortu den gatazkara gerturatzen saiatu da HITZA. Zenbait eragileren iritziak jaso ditu, norabide kezkagarria hartu baitu gaiak.
Trintxerpeko herritarren elkarbizitza kolokan jarri dute bertako zenbait bizilagunen jarrerek azken asteetan. Jakina denez, mobilizazio aro bat abiatu du herritar talde batek, «segurtasun eza» salatu eta «lapurreta gehiagorik» ez dutela onartuko adierazteko, besteak beste. Baketsua beharko lukeen protesta batek zantzu arrazista eta xenofoboak hartu ditu, eta tartean, indarkeria erabiltzeari ekin dio zilegi diren protesta horiekin bat egin duen talde batek, justizia euren esku hartuz. Gaiak norabide kezkagarria hartu du.
Elkarbizitza hori astindu duten zenbait istilu izan dira azkenaldian. Joan den hilaren 12an zazpi gizon gazte atxilotu zituzten elkarri eraso egiten ari ziren bitartean, «lapikoak, pintura, makilak eta arma zuriren bat erabiliz», Segurtasun Sailaren arabera. Araneder kaleko lokal batean izan zen liskarra, eta mobilizazioak abiatu dituen herritar talde horrek salatu bezala, orain dela aste batzuetatik «okupatuta» zuten hainbatek lokal hori.
Liskar horrek hautsak harrotu ditu. Bizilagunak, kaleko segurtasunarekin kezkatuta, antolatzen hasi dira eta ia egunero kalera irten dira. Datorren azaroaren 5era bitarte egunero mobilizatzera deitu dute. 19:00etan biltzen dira, Trintxerpeko sarreratik manifestazioan abiatzeko.
Manifestariek liskarrak eragin zituen talde hori jo dute gatazka horren hasieraren erantzuletzat. Harago joan dira herritarrak, eta askok aspalditik datorren arazoa dela salatu dute. «Sakelako telefonoak, motxilak, diru zorroak, futbol zelaiko aldageletako arropa lapurtu dituzte… Ezin dugu hau onartu, benetan. 1970ko eta 1980ko hamarkadetatik gaurdaino sekula ez dugu horrelakorik ikusi Trintxerpen», irakur zitekeen orain dela bi aste inguru mobilizatzen hasi zen talde horretan zabaldu zuten mezu batean. «Lapurretak izan dira, erasoak, indarkeria erabiliz. Inpunitate osoz erasotzen ibili dira, egun argiz gainera. Poliziak ez du ezer egiten», azaldu zuen manifestazio horietako batean parte hartu zuen herritar batek, anonimoki.
Harago joan, eta antolatzera deitu zuten talde horretako kide batzuk honakoa azaldu zuten: «Denon artean hitz egin behar dugu jende honen kontra berehala zer egin eta nola jokatu erabakitzeko».
Auzotarren ezinegona eta abiatutako borroka zilegi direla ukatu gabe, talde horrek planteatutako «zer egin eta nola jokatu» hori izaten ari da orain liskarra eta ezinegona eragiten ari dena, elkarbizitza astintzen ari dena. Hasierako lerroetan aipatu bezala, atxiloketa horiek gutxi batzuentzat aitzakia besterik ez dira izan, euren amorrua, eta kasu, ideologia agerian uzteko. Atxilotutako gizonak migranteak dira, eta hori aitzakia hartuta, Trintxerpen ere kolektibo horren kontrako olatura batu direnak izan dira.
Hala, sare sozialak (herriko WhatsApp talde bat barne) mezu arrazista, xenofobo eta faxistez bete dira azken asteetan. Kanpotik ere trol asko batu dira horien aldarrikapenetara, esamesekin eta mezu erasokorrekin elikatzen diren eskuin muturreko dozenaka kontu —eta mugimenduren bat— Trintxerpeko bizilagunek abiatu duten borrokarekin bat egin dute.
Kaleetan ere, mezuz baino, horrelako jarrerak ikusi ahal izan dira, eta zenbait gauetan atzerritik etorritakoen kontrako erasoak izan direla jakin ahal izan du hitzak, eta tartean identifikazioak, miaketak eta jipoiak jasan dituztela zenbait lagunek. Liskarrak izan ziren lokal horren kontra ere egin zuen talde batek, hutsik eta lehertuta utzi dutena. Segurtasunaren izenean hori ere.
Deialdi antifaxista
Indarkeria arbitrario kasu horiekin eta zabaldutako hainbat mezurekin kezkati, talde antifaxista bat ere mobilizatzen hasi da. Mobilizazio aroa abiatu zuen taldearen barruko herritar zati baten jarrera gogor salatu du Pasaiako antifaxista talde batek. Hainbat «herrian bizi diren atzerritarrak kanporatzeko asmoz» antolatu direla uste dute, eta manifestarien mezuetan zantzu arrazista eta xenofoboak daudela. «Ikusi dugu pertsona arrazializatuen, eta bereziki, bazterketa egoeran daudenen aurkako indarkeria geroz eta gordinagoa dela eta are gehiago, kolektibo horren aurkako kriminalizazioa orokortzen ari da», esan dute.
Azken asteetan izan diren hainbat «gertakari larri» zerrendatu ditu talde horrek, tartean, talde bat «gauean jipoiak emateko» antolatu dela, eta azken egunetan Trintxerpen eta San Pedron «kaputxadunak» ikusi direla «burdinezko barroteekin». Horrez gain, sare sozialetan pertsona talde zehatz baten aurkako «komentario arrazistak etengabeak» izaten ari direla ohartarazi dute; eta, ustez baketsua zen manifestazio batean «pertsona bat inpunitate osoz jipoitu eta beste baten kontrako oldar bortitzak» izan zirela. Taldeak salatu du pertsona horiekiko indarkeria «geroz eta bortitzagoa» izaten ari dela Trintxerpen, eta «diskurtso faxista naturaltasunez zabaltzen ari dela» nabarmendu dute. Pertsona eta talde zaurgarrien kontrako «zapalkuntza justifikatzea» leporatu diote talde horri, eta fokua zaurgarritasuna eragiten duten faktore zein eragileetan jarri beharrean, pobrezia pairatzen dutenengan jartzen ari direla.
Segurtasunaren izenean ezin dela herriaren bizikidetza kolokan jarri erantsi dute, eta «ematen ari den indarkeria oldarraldi honek horixe egin» duela salatu dute: «Elkarbizitzarako deia luzatu nahi dugu. Mezu faxista eta arrazistak gure herrira iritsi dira. Pasaia herri integratzaile baten alde gaudenok norabide berri bat hartu nahi dugu, ez ditzagun diskurtso eta jarrera faxista eta arrazistak gure artean onartu».
Euren haserrea adierazteko eta talde honen deiari erantzunez, herri argazkia egin zuten dozenaka lagunek joan den larunbatean Donibanen, «arrazakeriaren eta faxismoaren kontra».
Kasu «ezberdina»
Etsaitasun giro horrekin ere oso kezkati dago SOS Arrazakeria. Gipuzkoako elkarteko kide Mikel Mazkiaranekin izan da HITZA, Trintxerpeko egoeraz hitz egiteko. «Larrituta» daudela aitortu du. Beste herrietako antzeko kasuekin Trintxerpekoak ezberdintasun bat duela dio, «diskurtsotik ekintzetara egin dutela salto».
Aitortu du arazo bat dagoela zenbait herritarren jokabideekin, eta bizilagun gehienek eskatzen dutena «oso-oso oinarrizkoa» dela azaldu du, «mugitzeko eta ibiltzeko lasaitasuna» alegia. «Lapurretak frogatuta daude eta horren kontra noski egin behar dela. Baina ezin da kolektibo oso bat zaku berean sartu. San Pedron ere atzerriko kuadrilla bat lokal batean dabil, eta hauekin ez da ezer gertatu», dio. Halere, sare sozialetan horien kontra egiteko mezuak ere iritsi zaizkio hitzari, azken egunetako krispazio uholdea probestuz.
Segurtasunaren arazoari heldu behar zaiola dio lehenik SOS Arrazakeriako kideak, baina «horren inguruan diskurtso bat ez egiteko» eskatu die herritarrei. «Zure auzoan lasai bizitzea oinarrizko eskubide bat da, eta hori denok aldarrikatu behar dugu, baina horrelako gorroto diskurtso arriskutsurik eraiki gabe».
«Bide baketsuak» bilatzera
Trintxerpeko eta San Pedroko hainbat eragilek bizikidetzaren aldeko mezua zabaldu dute egunotan. Trintxerpen izaten ari diren gertakarien harira, hamahiru eragilek adierazpen bat adostu dute. Sinatzaileen zerrenda, hemen ikus daiteke.
Lehenik eta behin, «gure herriko bizilagunek jasandako indarkeriazko ekintzak erabat gaitzetsi» dituzte sinatzaileek. «Pertsona batzuek hainbat lapurreta edo mehatxu egin dizkiete zenbait bizilaguni, eta gure elkartasuna eta laguntza helarazi nahi diegu», esan dute. Egoera horren aurrean «sortu diren ekintza baketsuei gure babesa» adierazi diete, baina, «orotariko indarkeriazko jarduerak» gaitzetsi dituzte, eta honakoa salatu dute: «Zenbait norbanakok, gure herriaren gehiengoaren borondate ona aitzakiatzat hartuta, justizia beren eskutik hartu nahi dute, eta erasoak, mehatxuak eta gorroto mezuak eragin nahi dituzte, gatazka honetatik kanpoko pertsonei ere eragin dietenak». «Bide baketsuak» bilatzera deitu dute.
«Oso larrituta gaude»
Udalarekin harremanetan jarri da HITZA, eta Iraitz Pazos Trintxerpeko alkateordearekin hitz egin du. Alde batetik, aipatutako lokal horretan izandako liskarrengatik larritasuna adierazi du, «herritarrengan segurtasun ezaren sentsazio nabaria eragin dutelako eta nolabait haserre eta ezinegona sortu dutelako». Baina, bestetik, herritarren mobilizazio baketsuak egon diren arren, «zenbait herritarrek modu ez baketsuan» abiatu dituzten ekintzak arbuiatu ditu alkateordeak, «indarkeria erabiltzeraino» iritsi baitira. Azken horien jarrerarekin «oso larrituta» daudela erantsi du, eta garbi utzi nahi izan du «bai batak zein besteak erabat arbuiatzen» dituztela, «ez ditugu inondik inora babestuko gure herritarrek beldur sentsazioa izatea».
Era berean, udalean norberak justizia bere esku hartzea ere ez dutela «inondik inora ere onartuko» esan du Pazosek, «ezta biolentziaren bidez edota marko legala errespetatzen ez duten mezuen bidez beste batzuk iraintzen doazen herritarren jarrerak ere».
«Arazoaren errora joateko» konpromisoa hartu du udalak. Arazoa «anitza» dela gaineratu du Pazosek, «ez da Pasaiako arazo esklusiboa, beste hainbat herritan ere ikusten ari gara horrelako arazo eta jarrerak». Baina, jarrera horiek ezin direla justizia norbere esku hartzeko argudio izan nabarmendu nahi izan du. «Gure esku dauden zein Ertzaintzarekin koordinazioan ezarri ditugun prebentzio errekurtsoak martxan jarri ditugu».
Teo Alberro alkateak ere bide beretik jo du, bizikidetzaren aldeko deia zabaldu nahi izan du: «Lasaitzeko deia eta zenbaitzuk agertutako jarrera bortitzak alde batera uzteko eskaera egiten dut».