Lagun artean hasi zenak hamar urte beteko ditu etzi
2014an egin zuten lehenengoz Intxixu Trail lasterketa, eta pandemiagatik bi urtetan egin ez bazuten ere, etzi lasterketaren hamargarren edizioaren txapelak izango dira jokoan.
Intxixu Trail lasteketako aurreko edizio bateko argazkia. Mendi lasterketetan parte hartu, sortzen den giroarekin disfrutatu eta paisaia zein ingurune berriak ezagutzeaz gozatzen duen horietako bat da Gorka Herce Arbelaitz oiartzuarra. Inguruan gero eta mendi lasterketa gehiago antolatzen zituztela konturatu ziren Herce eta haren hiru lagun duela hamabi urte, eta ausartzea erabaki zuten 2014ko egun batean. Hori da, hain zuzen, Intxixu Trail lasterketaren sorrera oiartzuarraren hitzetan. “Joaten ginen lasterketetan giro ikaragarria sortzen zen eta paraje berriak ezagutzeko aukera izaten genuen. Hortaz, guk ere jendeari aukera eman nahi genion hemengo ingurua ezagutzeko, mendi bazterrak ezagutarazteko, eta noski, baita jendea kirola egitera bultzatzeko ere”.
Hamar lagunez osaturiko talde bat aritzen da urtean zehar eskualdean eta kanpoan sona duen lasterketa prestatzen, eta lehenengoz abenduaren bueltan elkartzen dira. Estreinako topaketa horretan lasterketa perfilatzen dute, eta handik aurrera hilean behin-edo elkartzen dira, “hamar urtetako esperientzia horrek dena nahiko lotuta izatea” ahalbidetzen baitie.
Lehenengo bi edizioek itxura berdintsua izan zuten, eta hirugarrenerako eraldatu zuten lasterketaren profila. Hiru eta laugarren aldietan, gainera, berritasun bat txertatu zuten egitarauan; izan ere, 14-15 kilometro inguruko lasterketaz gain, 30 kilometroko bat ere antolatu zuten. “Buelta koxkorra eta itzela zen”, deskribatu du Hercek.
Asmoak onak ziren, baina ez zen espero bezala atera, ikusi baitzuten ez zegoela parte hartze handirik. Hots, ibilbide laburreko lasterketan ere parte hartzea jaitsi egin zela ikusi zuten, eta hasieran proiektuari gogor heldu nahian biak mantendu bazituzten ere, hasierako planteamendura itzultzea erabaki zuten. “Kudeaketa horrek boluntario mordoa mugiaraztea eta markaketa lan handia egitea suposatzen zuen, eta ikusita lasterketa motzak ondo funtzionatzen zuela, horrekin geratzea erabaki genuen”, azaldu du korrikalariak.
Ibilbidea
Igande goizeko hamarretan hasiko da Intxixu Trail Oiartzungo Mendi Lasterketa, hasiera eta helmuga Ergoien auzoko Uztapide plazan izango dituelarik. Orotara hamasei kilometroko ibilbidea egin beharko dute izena eman duten 250 lasterkariek, baita 901 metroko desnibel positiboarekin. Zehazki, bidearen puntu altuena Berastegainen dago, 622 metroko altuera baitu.
Parte hartzaileek gehienez hiru orduan egin beharko dute bidea, eta hamasei kilometrotan banatuta, bidean sei hornidura gune izango dituzte; horietako batean ura, edari isotonikoak, elikagai energetikoak, fruitu lehorrak, txokolatea eta fruta hartzeko aukera izango dute; beste bostetan likidoa baino ez. Antolatzaileek aurreratu dute helmugan ere izango dutela solidoa zein likidoa banatuko duten hornidura gunerik.
Lasterketaren zati nagusia Aiako Harria Parke Naturalean barrena egingo dute, eta ingurunea zaintze aldera, gogoan izan behar dute ikusle zein parte hartzaileek ezingo dela zakarrik bota hornidura gunetakoak ez diren lekuetan.

Intxixu Trailen hasierako urteetan 300 pertsonako muga ezarri zien Aiako Harria Parke Naturalak, eta dortsal guztiak saltzen ziren. Baina, lasterketaren bidea bezain malkartsua izan da azken urteetan dortsalen salmenta. “Lehengo urtera arte ibili gara dortsalak amaitu ezinik; are, muga 250era ere jaitsi ziguten”, jarraitu du korrikalariak. Azken urteetan 220 eta 240 dortsal inguru saldu dituztela jakinarazi du antolakuntzako kideak, eta gogorarazi du iaz dortsalak lasterketa baino hiru aste lehenago bukatu zirela.
Baina, aurtengo lasterketak arrakasta izugarria izan du: martxoaren 8ko 12:00etan ireki zituzten inskripzioak, eta egun horretako 19:00etarako denak salduta zituzten. Lasterketaren hamargarren edizioa delako ote? Batek daki.
Igandeko hitzorduaren antolatzaileak pozik agertu dira probaren hamargarren urteurrena delako, baina, hala eta guztiz ere, lasterketaren betiko egitura mantentzea erabaki dute, berritasunik gabe eta aldaketarik gabe. Haatik, Hercek aitortu du lasterketa luzea berreskuratzea planteatu zutela uneren batean, baina azkenerako “betiko moduan” egitea erabaki zuten. Betikotasun horrek, ordea, izango du zerbait berezia aurten, oiartzuarrak aitortu baitu korrikalarien poltsa gehiago osatzen saiatu direla aurtengoan, baina ez dutela zer izango duen esango igandera arte.
Hercek, gainera, badu zer esan 250 lagun horiei, ondo baino hobetu ezagutzen du-eta bidea. “Garrantzitsuena da lasterketara ondo prestatuta iristea; ez du balio bi irteera eginda irteerako lerroan aurkeztea. Mendian ari gara korrika eta garrantzitsua da horretarako ohitura izatea, ez baita bidegorrian aritzea bezala”.
Gainontzean, korrikalariei lasterketa “lasai hartzea eta indarrak gordetzea” aholkatu die, Oianlekuko zatia bidearen erdian kokatzen baita, eta “desnibel handia” baitago han. Nabarmendu du igotzeko bezainbeste indar behar dela Oianlekutik jaisteko. Azkenik, hornidura guneetan zerbait edatea gomendatu du antolakuntzakoak.
Hercek ilusioz hitz egin du Intxixu Trailen inguruan, mendi lasterketen eta, oro har, atletismoaren mundua “berreskuratzen” ari direla sentitzen baitu. “Berriz boom moduko bat egon da; lasterketa berriak ari dira sortzen, denak bete egiten dira, eta printzipioz, ez badugu behintzat astakeria handirik egiten, uste dut Intxixu Trailek etorkizun polita daukala. Herri lasterketa izatea izan da beti gure nahia; jendea etortzen da, errepikatzen dute, eta hori seinale ona da”.
Hitzartzearen bukaeran oiartzuarrak eskerrak eman nahi izan dizkie urte osoan lanean aritu diren pertsona guztiei, eta baita urtero laguntza ematen dieten establezimenduei ere. “Hala ere, gure lana ezingo litzateke aurrera atera boluntarioak mendian egongo ez balira”.
