Itsasoaren zaintzan, urrats sendoak Pasaian
Materrek, Zero Zabor Uretan kanpainaren bidez, tokiko komertzioak eta ikastetxeak elkarlanerako batu ditu itsasoaren zaintza eta kontsumo arduratsua sustatzeko. Gaurtik, ikasleek sortutako erakusketa bat egongo da ikusgai Antxoko Kultur Etxean.

Pasaiako eta Euskal Herriko hainbat eragilek, itsasoaren zaintzaren defentsan, indarrak batu eta Zero Zabor Uretan proiektua abiatu dute. Kanpaina hori Euskal Herriko zortzi udalerritan dago martxan, eta horietako bat da Pasaia. Materrek sustatuta, elkarlan sare “garrantzitsu” eta “aberatsa” egin dute, eta, besteak beste, herriko komertzioak eta ikastetxeak inplikatu dituzte itsasoaren zaintzaren defentsa horretan. Proiektuaren parte dira Laurak Bat Pasaiako Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu elkartea eta La Anunciata, Pasaia-Lezo Lizeoa, Karmengo Ama eta Herri Ametsa ikastetxeak.
Pasaian egindako lanketa guztiak gaur aurkeztu dituzte Antxoko Biteri plazan. Bertan izan dira Izaskun Suberbiola Materreko zuzendaria, Ane Goenaga Materreko kidea, Iraitz Pazos Pasaiako Udaleko Ingurumen zinegotzia, Daniel Solana Eusko Jaurlaritzako Basquetourreko zuzendaria, Mari Carmen Mogilnicki Laurak Bateko presidentea eta La Anunciata ikastetxeko LH 4ko ikasleak.
Proiekturako, Materrek, komertzioek eta ikastetxeek indarrak batu dituzte. Itsasoaren zaintza eta kontsumo arduratsua sustatzeko, udalerriko ikastetxeetako ikasleek marrazkiak sortu dituzte Hondakin hoberena sortzen ez dena lelopean. Sorkuntza lan horiek Antxoko Kultur Etxean egongo dira ikusgai, gaurtik igandera bitartean (hilaren 9tik 15era). Erakusketa hilaren 9tik 13ra, 17:00etatik 19:00etara, eta hilaren 14tik 15era, 12:00etatik 14:00etara egongo da ikusgai Antxon. Erakusketaren ondoren, ikasleek sortutako mezuak herriko komertzioetara joango dira, bertan izango baitira ikusgai, Laurak Batek eta Materrek sinatutako hitzarmenaren baitan. Hortaz, tokiko merkataritza protagonista izango da itsasoaren zaintzaren mezuen difusioan. Ostiral arratsaldean (hilak 13), gainera, familia erronka egingo dute Biteri plazan, hondakinen murrizketan eragiteko.
Marrazkiez gain, komertzioek kartel batzuk izango dituzte erakusteko haiek ere itsasoaren zaindari direla. Merkataritza establezimenduek, gainera, Mater bidelagun izango dutela baietsi du Izaskun Suberbiolak, ingurumen praktika onak izan ditzaten. Pasaiakoez gain, Euskal Herriko beste 15 udalerritako komertzioek ere bat egin dute Zero Zabor Uretan iniziatibarekin. Besteak beste, Errenteria-Orereta, Hondarribia edota Irun proiektura batu dira. Eragile eta udalerri guztien elkarlana goratu nahi izan dute gaurko ekitaldian, eta guztiei eskerrak eman dizkie Materrek.
Ordezkariek argi utzi dute ikasle gazteak direla etorkizuna. Hori dela eta, haiek aktibatu nahi izan dituzte, txikitatik ohitura jasangarriak har ditzaten. Udalarentzat oinarrizkoa da hezkuntzatik eta kontzientziaziotik eragiten saiatzea, eta ikasleei bide horretan jarraitzeko dei egin die Iraitz Pazosek: “Hezkuntzatik eragiten lortzen da ez oso jasangarriak diren ohiturak aldatzea. Hezkuntzatik eta kontsumo arduratsutik hondakinen aurrean dugun erronka handi honi aurre egiteko protagonistak zarete. Uste dugu hezkuntza dela aldaketaren oinarria eta giltza”.
Materreko kideek ere bi erraldoi sortu dituzte, Bio eta Zabor izenekoak. Zabor itsas hondakinen munstroa da, eta itsasora iristen den plastikoez osatuta dago. Bio, aldiz, bizitzaren sarea irudikatzen duen erraldoia da, eta gaixo dagoenaren irudia du. Biak ala biak Biteri plazan erakutsi dituzte, eta Kultur Etxeko erakusketan ere ikusgai izango dira. Bi erraldoien harira, bina abesti sortu dituzte Materren, eta Ane Goenagak ikasleek abestu dizkie. Ikasleei Bio pertsonaia babesteko mezua zabaldu diete, itsasoa baita bere etxea.