Larunbatean banatuko dituzte Euskal Herriko pala txapelketako txapelak
Aurtengoa txapelketaren 42. edizioa da, eta orotara 82 bikote lehiatu dira. Lau partida jokatuko dituzte larunbatean, eta ez dago oiartzuarrik finaletan.

Otsailaren 15ean eman zioten hasiera Girizia pilota taldeak antolatutako Euskal Herriko pala txapelketa irekiari, eta asteburuan jokatuko dituzte finalak, ohi bezala, Madalensoro pilotalekuan.
82 bikotek hartu dute parte aurtengo edizioan, eta lau hilabeteren ondoren, jakina da zein bikote ariko diren larunbateko finaletan; aurtengoan, ez da oiartzuarrik egongo.
Gizonezkoen 3. mailan Zabala eta Etxeberria lehiatuko dira Errekondo eta Sanchezen aurka; emakumezkoen mailan, berriz, Agirre eta Muruak osatutako bikotea Larrarte eta Balerdik osatutakoaren aurka ariko da. Hirugarren partida jokatuko dute gero, gizonezkoen 2. mailakoa alegia, eta maila horretan Ubeda eta Agirre Asiain eta Ibarraren aurka ariko dira. Partida sortaren azkena gizonezkoen lehenengo mailakoa izango da, eta Aritzmendi eta Arriaga ariko dira Loidi eta Dagerren aurka txapelarengatik borrokan.
Partidak larunbatean –hilak 14– izango dira, 08:15ean hasita, eta partida guztiak jokatu ondoren egingo dute sari banaketa. Sarrera doan izango da.
Aurtengo edizioa Girizia elkarteak udalaren laguntzarekin antolatu duen 42. edizioa da, eta Josetxo Gamio Indakoetxearen omenez egiten dute txapelketa.
Sari banaketan Jesus Mari Roteta pala pilotariaren familiari oroigarri bat emango dio antolakuntzak.