Oiartzuarrak, bosgarren txapelaren bila
Eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren final handia jokatuko dute Oiarpekoek larunbatean. Donostiako Atano III pilotalekuan izango da lehia.

Oiartzunek beste mugarri bat ezarri dezake asteburu honetan, bosgarren herriartekoaren txapela janztetik gertu baitago herria beste urte batez. Eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren final handia jokatuko du beste urte batez. Larunbatean (hilak 28) izango da final hori, Donostiako Atano III pilotalekuan. Kadete, jubenil eta nagusiak ariko dira.
Joan den asteburuan Zestoa garaitu zuten oiartzuarrek, eta final handi honetan Hernani izango dute aurkari. 10:30ean hasiko dira partidak.
Lau herriarteko txapel ditu jada Oiarpek, beraz, bosgarrenaren bila doaz oiartzuarrak. Herrikideen babesa eskatu du Oiarpek.
Hitzordu handia galdu ez dutenentzako sarrerak Madalensoroko bulegoan izango dira salgai, bihar (hilak 26), 18:00etatik 20:00etara. Egunean bertan Atanon ere erosi ahalko dira. Kantxako sarrerak 10 euroan eskura daitezke; goiko eta errebotekoak, aldiz, bost euroan.