Saregileak: "Emakumeon defentsak eta babesak lehentasuna izan behar du agenda politikoan"
Saregileak plataformak berdintasunaren eta segurtasunaren arloan dituen politikak berrikus eta indartu ditzala eskatu dio Pasaiako Udalari.

Indarkeria matxistari aurre egiteko sareak ehuntzeko sortu da Pasaian Saregileak plataforma. Joan den ekainaren 19an bilera irekia egin zuten, 40 herritarren partaidetzarekin, plataformaren egitekoaren eta izaeraren berri emateko. Han, taldekideek eramandako proposamenak azaldu, eta bertaratutakoek ekarpenak egin zituzten. Horiek batu, eta manifestua osatu dute: astelehenean aurkeztu zuten Antxoko Kultur Etxean plataforma ireki eta mistoko kideek. Bertan azaldutakoaren arabera, eragile feministen lana eta egitekoa aitortzeaz gainera, indarkeria matxisten kudeaketan gabeziak daude erakundeen partetik bai prebentzio eta kautela neurrietan, biktimen arretan, jarduketa protokoloetan nahiz profesionalen gaitasunetan. “Emakumeon defentsak eta babesak lehentasuna izan behar du agenda politikoan”, esan zuten asteleheneko manifestuaren aurkezpenean.
“Nabarmendu nahi dugu ez dela inoren, inolako talde politikoren, aurkako manifestu bat; ekimenek zeharkakoak izan behar dute, eta erantzukizun politikoa duten guztiak interpelatu nahi ditugu. Manifestu hau Pasaiako Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiei bidali diegu udalaren zerbitzu telematikoen bidez, eta Antxoko alkateordeari eskuz emateko konpromisoa hartzen dugu. Berdintasun Mahaira joan, eta horren betearazpenaren jarraipena egiteko konpromisoa ere hartzen dugu”, zehaztu zuten hizlariek. “Emakumeak ez gara kolektibo minoritario bat, gizartearen erdia gara”.
Behin manifestuaren xedeen berri emanda, testuaren mamira joan ziren Saregileak. Taldeak, eta beraz haien lana ezaugarrituko duen manifestuak, testuinguru zehatz batean duela oinarri azalduta dago agiri horretan: “Pasaian azken hilabeteetan gertatu diren indarkeria matxista kasuen aurrean, gure arbuio eta gaitzespenik sakonena adierazi nahi dugu emakumeon duintasunaren aurkako edozein ekintzaren harira. Erasook, biktimak ez ezik, gure komunitate osoa kaltetzen dute, eta agerian uzten dute indarkeria matxistaren aurkako borrokan beharrezkoak zaizkigula bai konpromiso tinkoa, baita ekintzarako irmotasuna ere”.
Eraso horiek ez direla kasu isolatuak izan adierazi dute. “Arazo larri bat islatzen dute. Jendartearen ezinegona nabarmena da, eta ezin zaio ezikusiarena egin. Horregatik, dei egiten diogu Pasaiako Udalari (bai gobernu taldeari, bai eta posizioari) berdintasunaren eta segurtasunaren arloan dituen politikak berrikus eta indartu ditzan. Emakumeon defentsak eta babesak lehentasuna izan behar du gure agenda politikoan, ber-biktimizaziorik gabe. Erantzun arduratsua eskatzen dugu; biktimentzat, baldintzarik gabeko laguntza eskatzen dugu, eta ez sufrimendua betikotzen dutenentzat. Erantzun eraginkorrik eta ekintzarik eza onartezinak dira. Bada garaia erakunde guztiek emakumeen babesari lehentasuna eman diezaieten eta modu eraginkorrean lan egin dezaten indarkeria matxista desagerrarazteko, bai eremu publikotik, bai eremu pribatutik ere”.
Gardentasuna eskatu du Saregileak-ek. “Pasaian jazotako indarkeria matxistaren kasuen kudeaketan gardentasuna eta kontuak ematea eskatzen dugu; izan ere, udalak (gobernu eta oposizio taldea) uste dugu ez duela neurria eman, eta ez duela jakin komunitateari erantzun egokia ematen, zauriak eta ezinegona areagotuz.
Pasaiako jendarteak ez du indarkeria mota hau onartzen, eta erantzun sendoak eta eraginkorrak eskatzen ditugu. Bat egiten dugu benetako aldaketa esanguratsu baten eskariarekin”.
Manifestuaren barruan, bederatzi neurri zehatz aplika daitezela eskatu dute Saregileek. Beheko zerrendan, hitzez hitz, bederatzi eskakizun horiek:
Saregileak plataformaren manifestua. Eskaera zehatzak.
Honakoak dira, hitzez hitz eta haiek idatzi moduan, Saregileek bere manifestuan egiten dituzten bederatzi eskariak.
- 1. “Indarkeria matxista prebenitzeko eta desagerrarazteko neurriak eskatzen ditugu hezkuntzaren eremutik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari eta ekitateari buruzko kontzientzia sustatuz”.
- 2. “Trebakuntza, gaitasun eta sentsibilizazio programak ezartzea”.
- 3. “Pasaian dauden saltokietan banatzeko, eraso matxisten aurrean nola erantzun jakiteko informazio-orri bat egitea”.
- 4. “Indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko zerbitzuetarako baliabideak handitzea eskatzen dugu. Pasaiako Udaleko sare sozialetan (gaur egun ez dagoen) protokolo argia, eraginkorra, publikoa eta agerikoa, aplikazio zuzenekoa eta inolako entitateren oniritziaren menpe egongo ez dena, biktima diren emakumeek baliagarriak izan ahal zaizkien baliabideak ezagutu ditzaten eta pasaitarrok indarkeria matxistaren biktima gisa ditugun eskubideak ezagutu ditzagun”.
- 5. “Pasaiak bere borondatez berretsitako erakunde arteko akordioak betetzea eskatzen dugu (EUDEL, Emakunde, Gipuzkoako Foru Aldundia) emakumeon aurkako indarkeriaren kontrako borrokari eta indarkeria matxistaren kasuetarako protokoloei dagokienez”.
- 6. “Gizarte Zerbitzuen, polizia-kidegoen eta Justiziaren arteko koordinazioa hobetzea, betiere biktimaren pribatutasunerako eta datuak babesteko eskubidea kontuan hartuta, biktimarekin lan egiten duen edozein administrazio edo erakundeetatik”.
- 7. “Indarkeria matxistaren biktimei arreta gai honetan aditu diren emakumeek ematea bermatzea”.
- 8. “Pasaiako Udaleko Berdintasun Mahaian herritarren parte hartzea bultzatzea”.
- 9. “Akusazio partikular gisa aurkeztea kasurik larrienetan”.