Poesia egunetarako sukalde eta ikus-entzule bila dabiltza
Hamar pertsona "modu erosoan" kabitzen diren sukalde bila dabiltza. Etxeetan egingo dituzte zenbait poesia errezitaldi.
Irailaren 5etik 11ra izango dira aurten Oiartzungo Poesia Egunak, eta urtero egiten den bezala, egitarauaren puntu gorena ibilbide poetikoa izango da: Ergoiengo bidegorrian barrena hiru errezitaldi egingo dituzte herriko zein kanpoko poeta eta irakurleekin.
Era berean, aurtengo egitarauaren barruan Poeta bat zure sukaldean ekimena egingo dute, eta, izenak dioen moduan, pertsona batzuk bizilagunen sukaldeetan sartuko dira poemak errezitatzera.
Ekimen polita bezain berezia da, baina orain, jarduera aurrera eramateko, oholtza bila dabiltza antolatzaileak. Harkaitz Cano, Itziar Ugarte eta Jose Luis Otamendik irakurriko dituzte poemak, eta euren saioetarako sukalde zein ikus-entzule bila dabiltza.
Irailaren 8, 9 eta 10ean izango dira hitzordu horiek, 19:00etan, eta leku zehatzak zein izango diren aurrerago jakinaraziko dute.
Gauzak horrela, norbere etxeko ateak irekitzeko prest dagoen orok edota errezitaldietako ikus-entzule izan nahi duen orok mezu bat bidali beharko du helbide honetara.
Alabaina, sukaldeetan hamar pertsona inguru eroso kabitzeko espazio bila dabiltzala zehaztu dute.
