Ondare izpiak badian
Eguraldiak hobera egin duelako, eta larunbata delako, arnasberritu egin da gaur Pasaia Itsas Festibala.
Ateruneak gaur Pasaia Itsas Festibalean. Eguzki-izpiak ere agertu dira, itsas ondareari dirdira emateko. Ondare izpiak omen. Jaialdiak hirugarren eguna du gaurkoa, eta osteguneko lehen jardunaldiko erauntsi oldearen ondoren, atzotik lasaitzen ari da eguratsa. Milaka dira gaur San Pedro eta Donibane artean izango diren bisitariak, itsasoaren zaleak, jakin-minez betetako herritarrak, itsas ondarera hurbiltzeko desioa dutenak. Pasaiako Udala eta Albaola Itsas Kultur Faktoria dira festibalaren bultzatzaile nagusiak; Albaolako eta festibaleko zuzendari Xabier Agotek esaten du XVI. mendean Pasaiako badia, egungo Cabo Cañaberal antzekoa zela. Orduan potentzia bat zen Pasaia kontinente artean bidaiatzeko zeuden garraiobideen eraikuntzan. Gaur behintzat, potentzial hori ezagutzera eta itsas ondarearen jabe izatera (Euskal Herrikoa eta kanpokoa) jende asko hurbiltzen ari da. Pasaiak ez du AEBko Floridako herri horretako klima; garai batean, ordea, munduaren buru izan zen ontzigintzan behintzat.
Jarduerak Donibanen eta San Pedron ari dira egiten. Donibaneko Bizkaia plazan ur bataioak, mastara igotzeak, nabigazioen hasierak, postuak, jatekoak, musika… Aurrerago, Donibane kaleko photocall-a pasa ondoren plaza jendez beteta. HITZAk Donibanen egoteko izan duen tartean kantu jirarekin topatzeko pribilegioa izan du. Tailerrak eta bestelako asko ere izan dira.
Motoraz San Pedrora joan (joan-etorri asko egiten ari da Pasaiako barrutiak konektatzen dituen zerbitzua), eta han jende gehiago, batik bat Albaola aldean, kaian (han daude bisitarako ontzirik ikusgarrienak), eta lonjaren atarian diren postuetan; barruan den Mendi Urruzunoren argazkiekin sortutako San Juan baleontziaren eraikuntza prozesuaren erakusketa; nahiz goialdean den azokan. Kalean musika, giroa, tabernak eta elkarteen postuak lan betean. Giroa. Itsas giroa. Eta izar bat: San Juan. Pasaiara festinalerako iritsi diren ontziekin errespetu osoz, San Juan da aurtengo festibalaren ikurra.
Bihar (hilak 17, igandea) bukatuko da 2026ko Pasaia Itsas Festibala. gaur arratsaldeko eta biharko egitaraua beheko koadro urdinean ikus daiteke. Jarraian, HITZAk jasotako argazkiak eta bideoa, goizeko giroaren berri grafikoa ematen dutenak.
Pasaia Itsas Festibala. Egitaraua.
Gaur, hilak 16 larunbata
- 16:30. San Pedrotik zehar, Albokalteak kalejira erraldoiekin.
- Arratsaldean. San Pedrotik zehar, Arando Txiki abesbatzarekin kalebuelta.
- 18:00. San Pedron, San Juan baleontzian, San Juanetik lehorrera bertso saioa. Bertsolariak: Amets Arzallus, Alaia Martin eta Aitor Mendiluze. Gaiak Jon Maiak emango dizkie.
- 20:00. Donibaneko Bizkaia plazan, Makany Kanteren kontzertua.
- 22:00. Donibaneko Bizkaia plazan, Eskorzo eta Amparanoia taldeen kontzertua.
Bihar, hilak 17 igandea
- 11:00etan eta 16:00etan. Donibaneko Bizkaia plazan, Izarrekin nabigatzen astronomia tailerra (aterkiak erosi behar dira, 13 euroan).
- 12:00. Donibaneko Bizkaia plazan, Patata Tropikala konpainiaren Pirata garrapata antzezlana haurrentzat.
- 12:00. San Pedroko lonjako plazan, Ilunbe Akordeoi Orkestraren emanaldia.
- 13:00. Donibanetik zehar, Pasaiako erraldoien kalejira.
- 14:00. San Pedroko lonjako plazan, Femm Vocal Jazz taldea.
- 16:00. San Pedroko lonjako plazan, Kattalin eta Nenufarrak taldea.
- 17:00. San Pedrotik zehar, itsas danborrada.
- 17:30. Donibaneko Bizkaia plazan, Sardina freskue! ikuskizuna.
