Esker ona eta bertsoak, besteak beste, Gora Urmendi! Agur eta aitortza egunean
Urmendiko langileek eta 'Urmendi beti herri. 0-3 bizirik!' herri plataformako kideek elkarlanean antolatu zuten eguna. HITZAk bideo bat egin du.
Gora Urmendi! Agur eta aitortza eguneko irudi bat. Instagram: @urmendioiartzun Herriak Urmendi Haurreskolak Partzuergoan integratuko dela jakin zuenetik, kutsu berezi bat hartu zuen Urmendi Egunak. Urtero egiten zuten ospakizun egun bat izaten zen, data berdintsuetan, baina jakitun ziren aurtengoa berezia izango zela. Hain zuzen, horregatik antolatu zuten maiatzaren azkenekorako Gora Urmendi! Agur eta aitortza eguna.
Urmendiko langileek zein Urmendi beti herri. 0-3 bizirik! plataformako kideek elkarlanean antolatutako egitaraua prestatu zuten “merezitako aitortza” egiteko. Ekitaldi horrekin herriak bere esker ona adierazi nahi izan zien urteetan Urmendin lan egin duten pertsonei, baita gorazarre egin ere urte guztietan eskolak egindako lanari.
10:00etan eman zioten hasiera ekitaldiari, eta dozenaka lagun elkartu ziren Doneztebe plazan. Hitzartzeak, bertsoak edota dantza izan ziren goizeko protagonista, baina baita zenbait malko ere.
HITZAk goizaren bideo laburpen bat egin du.
