Donostiako Ategorrietan bukatu zen lurra
Argia argitaletxeak 'Ategorrietan Fisterra' komikia argitaratu du, 1931ko maiatzaren 27ko gertaerak ezagutarazteko. Guardia Zibilak zazpi lagun hil zituen tiroz Ategorrietako erlojuan.
Maiatzaren 27an Ategorrietako Sarraskiaren 95. urteurrena bete zen. XX. mendeko Euskal Herriko langileen aurkako sarraskirik bortitzena eta krudelena izan zen: Guardia Zibilak, gutxienez zazpi lagun hil zituen Donostiako Ategorrietako erlojuaren parean, Trintxerpetik hiriburura manifestazioan zihoazela. 1931ko maiatzaren 27an izan zen hori.
Sarraski handiena izan arren, ezezaguna da oraindik ere gizartean, ez du oihartzun nahikorik izan, eta premisa hori abiapuntutzat hartuta, gaiaren inguruan ikertzen hasi ziren Beñat Apalategi, Lander Arbelaitz eta Markel Ormazabal sortzaileak, Ategorrietan jazotakoa ezagutarazteko eta sarraskia erdigunean jartzeko helburuarekin. Lau urteko lanaren emaitza da Ategorrietan Fisterra komikia, Argia argitaletxeak argitaratu duena. Egileak 90. urteurrenaren bueltan hasi ziren sorkuntzari forma ematen. Duela 95 urteko gertaerak fikzionatuz, 210 orrialdeko obra bat sortu dute, sarraskian gertatutakoa testuinguruan jartzeko. Ilustrazioak Malen Gainzarainek egin ditu, eta lanak duela hiru aste ikusi zuen argia. Komikiarekin batera bi abestiz osatutako binilo bat ere sortu dute.
Komikiak duela 95 urteko gizartera eramaten du irakurlea. Urtebete lehenago, 1930ean, Primo de Riveraren diktadura bukatu zela gogorarazi du Ormazabalek. II. Errepublika ezarri zenean, langileen mugimenduek, borrokek eta aldarrikapenek gorakada handia izan zuten estatuan. Kostalde guztian portuak eta bertako arrantzaleak borrokan zeuden, eta hor kokatzen da Pasaiako borroka. Portuko arrantzaleek hiru aldarrikapen nagusi zituztela kontatu du Apalategik: «Soldata hobeak Gran Solera ateratzen ziren langileentzat, itsasoan lan egiten zuten igandeen pareko atsedena, eta lanaldia gehienez 15 ordukoa izatea». Garai hartan itsasoa zakar zegoen Pasaian, eta egileek bertan nabigatzera eramango dituzte irakurleak.
Arrantzaleen orduko lan baldintzak txarrak ziren, eta baldintza horien ondorioz, arraste ontzien flota osoa grebara joan zen. Langileek manifestazio bat egin zuten maiatzaren 27an, Trintxerpetik Donostiara, hiriburuko biztanleei arrantza sektorearen borrokak eta erreklamazioak ezagutarazteko. Ormazabalek kasuaren kronologia egin du. 1.500 langile inguru San Pedron bildu ziren, 08:00etan. Jose Fernandez de Villa-Abrille gobernadore militarra grebalariengana gerturatu zen, eta Donostiara ez joatea eskatu zien, ez baitzieten pasatzen utziko. Langileek, baina, aurrera egin zuten. Barruti moretik Antxora joan ziren, eta 3.000 lagun elkartu ziren bertan. Horiek guztiak 10:00etan abiatu ziren Trintxerpetik Donostiara.
Herrera eta Mirakruz gainaren artean Loiolako kuarteletako Sizilia errejimenduko soldaduekin egin zuten topo. Soldaduek manifestariak pasatzen ez uzteko agindua zutela adierazi du Ormazabalek, baina aurrera egin zuten. Koronelak pasatzen utzi zien, baina Ategorrietan Guardia Zibila zegoela ohartarazi zien. Erlojuaren parera iritsi zirenean, Guardia Zibila manifestariak tirokatzen hasi zen, eta, gutxienez, zazpi langile hil zituen, gehienak galiziarrak: Jose Carnes, Manuel Perez, Jose Novo, Antonio Barro, Julian Zurro, Jesus Camposoto eta Manuel Lopez. Ormazabalek jakinarazi du zazpi direla konprobatutako hildakoak: «Baina horrek ez du esan nahi zazpi izan zirenik. Zalantza handiak daude eta horrek agerian uzten du oraindik gertatutakoa ikertzen jarraitu behar dela. Hedabideetan izen gehiago ageri dira. Egunean bertan gerra egoera ezarri zen Gipuzkoan, eta zentsura handia ezarri zen. Horrek zaildu egin zuen hedabideetako informazioa edukitzea».
Galiziar asko Pasaian
XX. mende hasieran Galizian «sekulako krisia» egon zela kontatu du Ormazabalek. Pasaiakoa Europako arrantza portu nagusienetakoa bilakatu zen Lehen Mundu Gerraren ondoren, eta Pasaiako patroi eta armadoreek Galizian «lan esku merke eta oparoa» aurkitu zutela zehatu du egileak. Arrantzale horiek Trintxerpen kokatu ziren, eta horregatik maiz esaten da barrutia Galiziako bosgarren probintzia dela. Greba 1931ko maiatzaren 1ean hasi zen, eta berriro jo zuten Galiziara Pasaiako langileak ordezteko. Ormazabalek esan du 300 langile inguru etorri zirela hona. Langileak greban zeudela ikusita, erdia Galiziara itzuli zen, eta gainontzekoak Pasaian geratu ziren, borrokarekin bat eginez.
Egileek dokumentazio lan handia egin dute komikia gorpuzteko, garaiko egunkariak, artxiboak edota historialarien lanak arakatuz. Bukaeran Cristina Novo Ategorrietan erail zuten Jose Novoren ilobaren pasarte bat txertatu dutela baietsi du Arbelaitzek, eta hark esaten du harentzat oso gogorra dela jakitea langile horiek Galiziatik hona etorri zirela, konturatu zirela eskirolarena egitera zetozela, baina hala ere askok borrokarekin bat egin zutela. Hildako gehienak galiziarrak ziren, eta komikiaren izenburuak keinu egiten die haiei, Ategorrieta lurraren bukaera izan baitzen zazpi lagunentzat.
Dokumentazio lanaren barruan, garaiko prentsan gallego hitza errepikatzen hasi zela kontatu du Ormazabalek. Egilearen arabera, hedabideek zioten kanpokoak izan zirela. Kanpoko horiek galiziarrak ziren, eta horrek gaur egungo egoerara eramaten gaituela baietsi du Ormazabalek, baina beste jatorri batzuetako pertsonekin.
Prentsa aztertuta, sarraskia nola justifikatzen zen ikusi nahi zutela jakinarazi du Arbelaitzek. Hurrengo eguneko El Día egunkariak zioen manifestariak izan zirela tiroka hasi zirenak. «Bertsio ofiziala hori izan zen garai hartan, eta sekulako gezurra da hori», esan du Arbelaitzek. Horregatik zabaldu nahi izan dute Ategorrietan gertatutakoa. Gertakari hori lau pertsonaiaren bidez fikzionatu dute, irakurlea errealitatera eramateko: Andere, Trintxerpeko baserri batean jaiotako eta Pasaian lan egiten duen neska bat; Xebero, Donostiako Saguesen bizi den haur euskalduna; Añes, Donostiako Hotel Londreseko langilea; eta Abelin, soldaduska egiten ari den gazte euskaldun abertzalea.
Honakoa bezalako artefaktuak baliagarriak dira memoria historikoa berreskuratzeko eta iraganeko istorioak ahanzturan ez geratzeko. Hori da egileen asmoetako bat, baina ez bakarra, Trintxerpeko galiziar jatorriko herri horri ere aitortza egin baitiote. Komikiaren bukaeran honakoa diote bi pertsonaiek: «Etorkizunean oroituko al dute hemen gertatutakoa?». Ategorrietan Fisterra-k hor eragin nahi du.
