Donibanen da ordezkaritza palestinarra
Bihar bukatuko da Bixi-Bixi elkarteak antolatzen duen Gora Herriak jaialdia, azken eguneko jarduerekin. Bertan izango diren palestinarrei harrera instituzionala egin diete gaur goizean udaletxean.
Bihar (larunbata) bukatuko da Donibaneko Bixi-Bixi elkarteak antolatzen duen Gora Herriak jaialdia. Aurtengoa internazionalismoa ardatz duen kultur zikloaren bederatzigarren ekitaldia da, eta bere helburua da beste herrien borrokak eta izateak ezagutaraztea eta horiei ahotsa ematea. Aurten Palestina erdigunean jarri du eragile sanjuandarrak, eta hainbat jardueraz osatutako programazioa ondu dute bertan gertatzen ari dena ezagutarazteko.
Bihar azken eguneko jarduerak egingo dituzte Meipin. 12:30ean elkartasun horma irudi bat egingo dute Santiago plazan, eta bertatik kalejiran joango dira Meipira. 14:00etan herri bazkaria egingo dute, jaki palestinarrekin. 16:00etan Palestinako eta Euskal Herriko dantza emanaldiak egongo dira. Musika palestinarra ere ez da faltako, 16:30ean kontzertua egingo baitute Nur eta Ahmedek. Bukatzeko, musika gehiagoz gozatu ahal izango da Meipin, 17:30etik aurrera.
Biharko jardueretan palestinarrak egongo dira Donibanen, eta ordezkaritza horri harrera instituzionala egin diote gaur udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek. Udal hautetsiek udaletxeko atarian itxoin dituzte palestinarrak, eta txistularien laguntzarekin, Agurra dantzatu du Lintxua Dantza Taldeko kide batek. Talde argazkia egin ondoren, udaletxeko pleno aretora igo dira ekitaldiarekin jarraitzeko. Palestinako eta udal ordezkariekin batera, Bixi-Bixiko eta Gernika Palestina Herri Ekimeneko kideak ere izan dira ekitaldian.
Hona hemen harrerako hainbat argazki:
