Oiartzungo Udala: "Hurrengo pausoetan ere sendiaren bidelagun izango gara"
Esteban Muruetagoiena torturaren biktima izendatu dutelako pozik azaldu da udala, "udal honek egindako aitortza berresten duelako".
2022an aitortza ekitaldia egin zioten herrian, udalaren ekimenez, Esteban Muruetagoienari. Ordukoa da argazkia: Jexux Leonet orduko alkatea, Tamara Muruetagoiena alaba, eta Janire Mitxelena EAJko zinegotzia dira irudikoak. Atzo jakinarazi zuen Egirazi Zor fundazioak torturaren biktima aitortza jaso duela Eusko Jaurlaritzaren partetik Esteban Muruetagoiena Scolak. Pozez hartu du erabakia Oiartzungo Udalak. Jakinarazi du Muruetagoienaren familiak egi osoa, aitortza eta erreparazioa bilatzeko zereginean bidelagun izango duela udala, “hurrengo pausoetan ere sendiaren bidelagun izango gara”.
Udalak oroitarazi du herriko mediku izandakoari egindako lehen aitortza instituzionala, udalak berak egin ziola 2022an, erail eta 40 urtera. Jaurlaritzaren aitortza izan ondoren, Tamara Muruetagoiena alabak orduko hartan esan zuen oraindik bazela egia, aitortza, eta erreparaziorako bide horretan urratsak egiteko lan handia aurretik; horren barruan, Jaurlaritzaren aitortza kokatu zuen lehen pauso modura. “Bigarrenez, Espainiako Gobernuaren aldetik justizia eskatzen dugu, eta egon diren arduradunei espedientea irekitzea, dagokien kasuan. Hirugarrenik, erreparazioa eta aitortza eskatzen ditut. Espero dut lehendabizi Eusko Jaurlaritzatik etortzea; ez dira guztizkoak izango ez badira Espainiako Gobernutik ere iristen. Nik aitaren memoriaren alde lanean jarraituko dut. Garrantzitsuena da nire semeari eta etorkizuneko belaunaldiei ni neu harro egoteko moduko legatua uztea”.
Sendiari eta bereziki Tamara Muruetagoienari “besarkada estua” helarazi dio udalak.
Muruetagoienaren kasuaren harira, Ander Iriartek eta Amaia Merinok Indarkeriaren oi(h)artzunak dokumentala egin, eta 2024ko apirilean estreinatu zen. Tamara alabaren hitzak dira lanaren ardatz.
