Erraldoiak dira Antxoko San Fermin jaiak
Igandean erraldoien bigarren topaketa jasoko du barrutiak, 11:00etatik aurrera. Bost konpartsa bilduko dira Antxon, eta kalejiran herriko kaleak beteko dituzte.
Handiak dira Antxoko sanferminak, eta antxotarrek herriko festen pareko topaketa batez gozatu ahal izango dute igandean (hilaren 5ean), Pasaiako Erraldoien Konpartsak antolatuta, erraldoien bigarren topaketa egingo baita barrutian, goizez eta arratsaldez.
Antxon erraldoien bost konpartsa bilduko dira: Pasaiakoa, Lazkaokoa, Ororbiakoa, Herriberrikoa eta Gareskoa. Horiek guztiak Gure Zumardian elkartuko dira 11:00etan, eta plazan ikusgai egongo direla kontatu du Markel Oyarzabal Pasaiako Erraldoien Konpartsako zuzendariak. Herritarrek, gainera, ikusgai egongo diren erraldoiekin argazkiak atera ahal izango dituzte.
Herritarrek erraldoiez gozatu ondoren, bost konpartsak kalejiran aterako dira 11:30ean, eta Antxoko kale, txoko eta bazter guztiak bere egingo dituzte. Konpartsa bakoitzak dantzan jarriko ditu bere erraldoiak, eta ikuskizun propioak egingo dituzte, pasaitarren gozamenerako. Orotara, hogei erraldoi inguru bilduko dira barrutian, eta Pasaiako konpartsa dituen lau erraldoiekin aterako dela jakinarazi du Oyarzabalek: Mikeletearekin, Inudearekin, Arrantzalerekin eta Batelerarekin. Antxora etorriko diren konpartsek, erraldoiez gain, beren buruhandiak ere ekarriko dituzte. Topaketa handia izango da, eta «gogotsu» daude antolatzaileak.
Konpartsen eta erraldoien egitekoak, baina, ez dira goizeko jardueretara mugatuko, bazkaldu ondoren festak jarraipena izango baitu. Goizeko formatuaren antzera, bost konpartsak kalejiran irtengo dira berriro Gure Zumarditik, 16:30ean, eta beren dantzak Antxoko kaleetan zabalduko dituzte.
Uda bizia
Arraunarekin gerta daitekeen moduan, udak sutsuak izaten dira erraldoien konpartsentzat, epealdi horretan izaten baitira herriko jai eta ospakizun gehienak. Oyarzabalek aitortu du uda «topera» dutela: irteera pila egingo dituzte aurten, eta horietako asko Pasaiatik kanpo izango dira. Herriko mugetatik aterako badira ere, Pasaiako erraldoiak oso presente izango dira lau barrutietako jaietan. San Pedron izan dira jada, ekainaren 26tik 30era bitartean egin baitziren sanpedroak. Orain Antxoko sanferminetan izango dira, eta Trintxerpeko karmenak eta Donibaneko santioak ere girotuko dituzte.
Beste herrietan ez bezala, Pasaiako konpartsak osasun ona duela adierazi du zuzendariak. Oyarzabal Berakoa (Nafarroa) da, eta 2022an iritsi zen Pasaiako konpartsara. Momentu horretan konpartsa egoera kaskarrean zegoen, eta horri buelta eman diote dudarik gabe. Une honetan 25 pertsona daude murgilduta konpartsaren bueltan, eta pozarren da zuzendaria. «Uste nuena baino hobeto doakigu. Pasaian ikusten ari gara gauzak ondo egiten ari garela. Gure asmoa da topera jarraitzea, jendea etortzea eta herritarrek Pasaiako konpartsa ezagutzea».
