Bilatu
Sartu
  • izan HITZAKIDE
  • nor gara
  • zozketak
  • eskaintzak
  • denda
  • hemeroteka
Bilatu
  • Albisteak
    • Gaiak
      • Aisia
      • Ekonomia
      • Euskara
      • Gizartea
      • Hirigintza
      • Ingurumena
      • Jaiak
      • Kirola
      • Kultura
      • Politika
      • Udala
      • Orokorra
    • Herriak
      • Errenteria-Orereta
      • Lezo
      • Oiartzun
      • Pasaia
    • Generoak
      • Albisteak
      • Editorialak
      • Elkarrizketak
      • Erreportajeak
      • Iritzia
      • Kronikak
      • Publirreportajeak
  •  Multimedia
    • Argazkiak
    •  Bideoak
  • Podkastak
  • Agenda
    • Zerrenda
    • Hilabetea
    • Agendan parte hartu
  • Zozketak
  • ADIMEN ARTIFIZIALA
  • Gidak
    • Bertara Bertatik
    • Plazara Plazatik
  • Nor gara
  • Argitalpen politika
  • Aniztasun politika
  • Pribatutasun politika
  • Cookieak
  • izan HITZAKIDE
  • nor gara
  • zozketak
  • eskaintzak
  • denda
  • hemeroteka
Sartu
Kultura
Idoia Fraile Ugalde. Idazlea.

"Zapaltzean zuloan nola amiltzen garen irudikatu dut"

XIX. mendean Zuberoan bortxaz ezkonarazi zuten Gaxusa, Kattalin alaba izanik eta alargun geratu berritan. Haren mina kontatu du 'Arranoaren luma' eleberrian Idoia Fraile Ugalde idazleak.

Idoia Fraile Ugalde, Errenteriako liburutegian, elkarrizketa egin bitartean. Ximun Leturia Lete
Leire Perlines Apalategi
Errenteria-Orereta
2026/07/03

Idoia Fraile Ugaldek Arranoaren luma, bere lehen eleberria idatzi du, eta 540 orritan emakumeen bakardadeaz, sutondoan tokia egiteko zailtasunaz, nork bere bidea topatu eta eraikitzeak duen garrantziaz zein denboraren ihesaz idatzi du. XIX. mendeko Zuberoako landa eremuan dago girotuta. 

Zure lehenengo eleberria da. Zer sentitu duzu amaitzean? 
Prozesu luze bat izan da hau egitearena, baina aspalditik nuen buruan horrelako zerbait egitea. Amaitzean, esku artean ikusi nuenean, poz izugarria eragin zidan, baina ez nuen uste hain ur handitan sartzera nindoanik ere. 

2017an abiatu nuen bide hau. Irakaslea naiz, eta udaldia aprobetxatu nuen. Semeetan gazteenak hamabi urte zituela “hara, oraintxe dut denbora nire burua entzuteko eta honi denbora eskaintzeko” pentsatu, eta orduan ekin nion idazteari. Orduz geroztik udaberriko oporretan eta Eguberrietan heldu izan diot idazteari. Elkarren aurkeztu nuen ideia, eta han pauta batzuk eman zizkidaten teknikari eta eleberrien tamainari zegozkienak, eta hor ja egunero idazteari ekin nion. 

Zein dira eleberriaren nondik norakoak?
Lehenik eta behin, uste dut garrantzitsua dela aipatzea hemeretzigarren mendean kokatuta dagoela. Hain justu, hori egin dut uste dudalako istorioa hala sinesgarriagoa izango dela, nahiz eta zenbaitek esan didaten Zuberoan oraindik errealitate hori zenbait etxaldetan gertatzen den. 

Honakoa da gai nagusia: 1836. urtean Atharratzeko aita-ama batzuk Gaxusa alaba ezkonarazten dute alargun gelditu berritan. Hiru urteko alabatxoa zeukan aurreko senarrarekin, eta bortxaz ezkonarazten dute Larraineko Burdinolako jaunarekin. Hura egiazki existitu zen, baina izenak aldatu egin ditut. Istorioa bera fikziozkoa da, nahiz eta etxealdeak-eta mantendu ditudan.

Gaxusa hara iristen denean senar horrek benetan gogor hartzen ditu emaztea eta baita alabatxoa ere, eta leku bakarti batean kokatu dut nahita istorioa, sufrikario hori gehiago nabarmentzeko. Azalean bertan ikusten da emakumea etxe batean preso dagoela, eta ihesbidea naturan topatzen duela. Hori da mezu nagusia. 

Fraile, liburutegian, eskuetan ‘Arranoaren luma’ eleberria duela.X. Leturia Lete

‘Arranoaren luma’ da lanaren izena. Zein garrantzia dauka arranoak kontakizun guzti honetan? 
Txoriek badute garrantzia bere horretan. Gaxusak naturarekin bat egiten duen momentuan txori sentitzen da, bereziki momentu txarrak heltzen zaizkionean. Oso ameslaria da, eta amets egiteko ahalmen horrek salbatzen du. Ikusten da txoriekin konparaketa asko egiten dituela eta haiekin bat egiten duela. 

Horrez gain, Kattalin alaba da bere istorioa idazten duena, eta kapitulu guztien bukaeran egiten ditu amets irudiak. Pentsamendu oniriko batzuk bezala dira, horiek amari zuzendutakoak dira, eta hor ere ikusten da Gaxusaren txori izaera. Hasieran txori txiki bezala identifikatzen da, baina bere bizitzako zulo handi izugarri horretatik ahaldunduta ateratzen da pertsona bezala, eta azkenerako arrano sentitzen da: emazte indartsu, ez lurtarra eta bakartia. Hor dago gakoa, bilakaera bat da. Azaleko irudian arranoa oraindik ez dago hegan, pausatua dago, burua tente du, altxatzeko asmoa du, gora egin nahi du, baina oraindik hegaldatu gabe dago.

Hala ere, arranoak bezainbesteko garrantzia du lumak. Hasieran Txoriaren luma zuen izenburu eleberriak, baina istorioak berak beste bide batetik eraman nau; ez da hainbeste denbora izenburua aldatu niola. Horren atzean dagoena da hemeretzigarren mendeko emazte batek, garai hartan urrutiko laborari herri batean kokatutako batek, irakurtzen eta idazten ikasteko zer borroka egin behar izaten duen.

Liburuan mina eta sufrimendua gailentzen dira. Nahiz eta eleberri bat izan, zuk bizi izan duzun zerbaitek bultzatu al zaitu horren inguruan idaztera?
Egoera hau behin baino gehiagotan ikusi dut, agian ez hain muturreko eran, baina bai, ikusi dut. Jende askok ez du ulertzen, baina gaurko terminoetara ekarrita izango litzake tratu txar psikologiko eta fisikoak ezagutu dituen emazte guztiei dedikatutako zerbait. Kasuak entzun eta ezagutu ditut, eta hori dago irudikatuta. Eleberria garai horretan ulertu behar da, baina gaurkotasun handiko gaiak ere badira.

Ez dut irakurlea izutzerik nahi: gordintasunak eta minak badute bere tokia, Gaxusaren mina dago honetan guztian, baina min horretatik erabat jantzita, ahaldunduta ateratzen da. 

Era berean, bi gauza nabarmendu nahi izan ditut. Batetik, aipatu nahi nuke kontatzeko moduan drama dela nagusi, baina kontatzeko modua asko zaindu dudala. Iruditeria aberatsa tartekatuta dago, metafora pila bat daude, konparazioak daude, ematen du soinuak entzuten direla, usainak daudela…. Deskribapenek pisu handia dute, baina bada modu gozo bat tramaren gordintasuna leuntzeko.

Bestetik, min hori leuntzeko ere badago intriga handiko beste istorio bat. Ez dut argibide handirik eman nahi, baina Gaxusa abiatzen da bere identitatearen bila, eta hor soka luze bat hasten da. Aipatu didate soka horrek erakartzen duela.

Hala ere, nabarmendu duzu garrantzitsua dela hemeretzigarren mendeko begiradarekin irakurtzea.
Bai, dudarik gabe. Esaterako, erlijioak pisu handia du. Emaztearen figura etengabe zaintza lanarekin, betebeharrekin lotzen da. Gaur egun ez dugu hala ulertzen. Gerta liteke irakurle batek interpretatzea Gaxusa emazte ahul bat dela; amaginarrebak-eta menpean dute, senarrak gorputza kentzen dio…. Kontxo! Ematen du batzuetan esanekoegia dela, baina nik hor nabarmendu nahi nuen norbaitek egunero menpean hartzen bagaitu; gure identitatea ukatzen badigu emaztegai gazte honi bezala; jaiotetxean ikasi duen lanak egiteko modu hori eta balorea kentzen badizkio; dena beste modu batera egin behar badu; dena gaizki egiten badu; dena motel egiten badu; gorputza kentzen badiote; mespretxuak badaude; eta goizetik ilundu arte lanean gelditu gabe jartzen baldin badute, edozein pertsona ezdeusa sentitzen da.

Irudikatu nahi nuen zapaltzen gaituztenean nola amiltzen garen zuloan. Hori ulertu behar da XIX. mendean emazteak duen papera ardatz hartuta. Emazteen begirada sartu dut; esaterako, erditze bat aipatzen da, eta garai horretan emazte erditu gabe bat izatearen gaia ez zen ulertzen. Haur baten galtzea ere agertzen da… Zaintzarekin ere oso lotua dago. Oro har, gaurkotasun handiko gaiak jorratzen dira.

Gaxusaren alabak, Kattalinek ere pisu handia du eleberrian. 
Hori da, eta bide batez ideia bat nabarmendu nahi dut irakurleak hobeto koka dezan eleberria. Gaxusaren istorioa da kontatzen dena. Alabak sega poto baten barrenean aurkitzen ditu papertxo batean bere amak idatzitako hitzak: Xakerteko botxüetako arranoa niz. 1859ko bedatsea. Alaba harritu egiten da, eta Gaxusari esaten dio ez dela bere ama bakarrik, arranoa ere badela, eta Gaxusak arranoaren istorioa ezagutu nahi duela esaten dio. Beraz, alaba, Kattalin da amaren istorioa idazten duena.

Gaxusaren istorioa hirugarren pertsonan dago, eta Kattalin bera idazlea denez lehenengo pertsonan dago idatzia. Haurra zenean ezin zuen idatzi, baina sei bat urterekin, lehenengo jipoialdia heltzen denean, neska koskorragoa da, eta gai da memorian ideia hori jasotzeko. Momentu horretatik aurrera lehenengo pertsona hasten da. 

Batzuetan pasartetxo batzuetan irakurleei zuzentzen zaio, eta hausnarketak egiten ditu. Agertzen diren letra etzanak dira Kattalin, eta letra etzana ez dena Gaxusa da. Etzana den ia guztia batuaz dago.

Egitura konplikatua du nire lehenengo eleberria izateko, baina horrela atera zitzaidan, bilatu gabe sartu nintzen ur handitan. Atera naiz horretatik, baina zortzi urte eman ditut hortik ateratzeko. Azkenean konforme geratu naiz lanarekin.

Zerk piztu zizun gertakariak Zuberoan kokatzeko grina?
Gaztetan Seaskako ordezkari izan nintzen hiruzpalau urtetan, eta horrelako batean Alozera bidali ninduten pentsatuz “uf, ez daukagu xiberotarrik, honek filologia egina du eta behintzat saiatuko da”. Han mundu bat zabaldu zitzaidan, baina kosta egin zitzaidan han sartzea, gogorra izan zen hasiera.

Garai horretan Seaskako guraso zen Niko Etxart, harekin harremana nuen; emaztea bizkaitarra du. Halako batean etorri eta esan zidan: “Idoia lasai, kosta egingo zaizu sartzea, baina ikusiko duzu nola zure partetik jartzen baduzu barne errotan sartuko zaren”. Eta hala izan zen, han ezagutu nuen mundu tradizionalak duen ikuskera, laborari errealitate bat ezagutu nuen.

Hasiera gogorra izan zen, baina konturatu nintzen etxeak irekitzen zizkidatela, eta alderdi hori ikaragarri gustatu zitzaidan. Kontrapuntuan, baina, emakumeen ikuspegiaren inguruan oso mundu hertsia topatu nuen, oso. Iruditzen zitzaidan ehun urte atzera bizi ziren errealitate bat zela, eta orduan erabaki nuen noizbait idazteko denbora eta gogoa izatekotan Zuberoan kokatu nahi nuela, zorretan bezala sentitu nintzelako. Arrastoa utzi zidan urte bakar horrek, ikaragarri eman zidan, baina hango emazteen egoera salatzeko beharra ikusi nuen. Gainera, muturreraino eraman nahi nuen gizonaren bortizkeria jasan duen emazte baten minaren kontakizuna.

Zerk egiten du zure lehenengo eleberri hau berezi?
Emakumearen begirada jarriko nuke muin-muinean, baina horrez gain eleberri honek euskara batuaren eta euskalkien artean zubi lan bat egiten du. Elkarren aurkeztu nuenean horri izugarrizko garrantzia eman ziotela esango nuke, baina nik bide hori naturalki zabaldu nuen, lagun xiberotarrekin lardaskatu egiten dudalako. 

Era berean, baina, konturatzen nintzen modu horretara hitz egiten bazuten, eleberri historiko bat izanik eta sinesgarritasuna lortzea helburu handienetako bat izanik, euskalkia sartu egin behar zela. Horregatik sartzen ditut egiazko toponimoak. Informazio bilketan jende mordo batek lagundu dit, eta bilketa horretan egiazko informazioa aurkitzea ere izan da zereginetako bat.  

Euskalkia sartu duzu, hortaz, eleberriko zenbait pasartetan. 
Euskalkiaz ari naizenean batez ere zuberera estandarraz ari naiz. Xibererak du pisurik handiena, baina lapurterak ere bere tokia du. Jatorrizko eleberrian baxenafarrak ere bazuen bere lekua, baina liburua laburtzekoan hori galdu da.

Momentu jakin batzuetan ingurukoek ezustean bota dizkidaten printzak zurrupatzen eta osatzen joan banaiz ere, Arranoaren luma bene-benetan talde lan bat da. Zuzenketa lan handi bat egon da honen atzean, eta editore lana azpimarratu nahi nuke nire kasuan. Berria nintzen honetan guztian, eta esan zidaten eleberriak egiten duen ekarpenagatik zegoen moduan argitaratuko zutela, baina asko zegoela hobetzeko. Eta, egiari zor, konturatu naiz hala izan dela. Bide luze bat egin dugu, bilera mordo bat egin ditugu, eta lan handi bat egin du nirekin Antxine Mendizabal Elkarreko editoreak.

Irakurleak zer sentituko du eleberria irakurtzen duen bitartean?
Uste dut liburua naturarekin bat egiteko oso modu egokia dela. Ez da hondartzan etzan eta erraz irakurtzen den liburu bat. Udaldian edo nekatuta ez zauden momentu batean heltzen badiozu gozo, barruan sartzen da, naturarekin bat egiten da, Zuberoa oso ongi ezagutarazten du, bertako bizimodua ere bai, laborarien bizimodua ere presente dago… Eta, emakumeen garai horretako borroka ere oso presente dago. 

Ez dut aipatu, baina Gaxusak lagun bat egiten du. Fikziozko pertsonaiak tartekatuta daude egiazki existitu zirenekin, eta niri asko gustatzen zait Gaxusak fikziozko pertsonaia batekin egiten duen harremana. Emakumetasuna dago oinarrian, gaia jorratzeko sakontasuna, konplizitatea… Hark jakituriaren mundua erakusten dio Gaxusari, eta hortik deskubritzen du zein garrantzitsua den zulo beltz horretatik ateratzeko irakurtzen eta idazten ikasteko bidea aukeratzea.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.

Harpidetu

Datuak ondo jaso dira. Eskerrik asko.

Izen-abizenak eta posta elektronikoa sartu behar dira.

Posta elektronikoak ez du formatu zuzena.

Arazo bat gertatu da eta ezin izan da izena eman. Jarri gurekin harremanetan mesedez eta barkatu eragozpenak (Akatsaren kodea:).

Zerbitzu Gida

 

 

Agenda

Eguraldia

Iturria:tiempo.com

Azken 7 egunetako irakurrienak

 

 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.

Harpidetu

Datuak ondo jaso dira. Eskerrik asko.

Izen-abizenak eta posta elektronikoa sartu behar dira.

Posta elektronikoak ez du formatu zuzena.

Arazo bat gertatu da eta ezin izan da izena eman. Jarri gurekin harremanetan mesedez eta barkatu eragozpenak (Akatsaren kodea:).

  • 943 34 03 30
  • oarsobidasoa@hitza.eus
  • Irun kalea 8, Errenteria-Orereta 20100
  • Nor gara
  • Argitalpen politika
  • Aniztasun politika
  • Pribatutasun politika
  • Cookieak
Babesleak:
Hasi saioa HITZAkide gisa

Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.

HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA

Zure kontua ongi sortu da.

Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.

Sartutako datuak ez dira zuzenak.
Zure kontua berretsi gabe dago.
 
 
 
(Pasahitza ahaztu duzu?)
 
 
SARTU
 
Pasahitz berria ezarri da eta zure helbide elektronikora bidali da.
Sartutako datuak ez dira zuzenak.
 
(Identifikatu)
 
 
 
 
BIDALI
 

Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea

HITZAkide izan nahi dut
Aldatu zure pasahitza
Pasa hitza ondo aldatu da.
 
 
 
 
 
 
 
Aldatu
 
Oraindik ez zara HITZAkide?

Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.

Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.

HITZAkide izan nahi dut

Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.