2028ko hasierarako, topoaren zubibidea ia erabat kenduta
Lanak 2027ko lehen hilabeteetan hasiko dira, eta obra horiek 12 hilabeteko gehienezko epean egitekoak direnez, 2028aren hasieran ia erabat kenduta izango da 386 metroko pasabide altxatua.
Larunbatean hasi zen funtzionamenduan Antxoko topoaren lurpeko geltoki berria. Hori abian, eta Gure Zumardia ia osoaren urbanizazioa bukatuta, hurrengo urratsa izango da larunbata arte topoaren Antxoko pasaleku zen zubibidea kentzea. Horren gaineko azalpenak eman ditu gaur Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Saileko sailburuak: lan horien lizitazioa aste honetan aterako da jendaurrera; lanak 2027ko lehen hilabeteetan hasiko dira; eta obra horiek 12 hilabeteko gehienezko epean egitekoak direnez, 2028aren hasieran ia erabat kenduta izango da 386 metroko pasabide altxatua. Zubibide horren bi arku, ordea, mantenduko dira: Marealtaren gainekoak. “Biaduktua Antxoko sinboloetako bat da. Horregatik, ez dugu erabat desegin nahi”, esan du Garcia Chuecak.
Agerraldia egin du gaur Garcia Chuecak jada geltoki zaharra denean, bertako trenbidearen gainean hain justu. Alboan izan ditu sailburuak Miguel Angel Paez sail horretako sailburuordea, Pasaiako alkate izandako Izaskun Gomez, eta Jaurlaritzako sail horretako buru izandako Iñaki Arriola; denak PSE-EEkoak dira. Haiekin batera izan da Eusko Trenbide Sareko (ETS) zuzendari nagusi Antonio Lopez. Agerraldiak zubibide zaharra erabat itxita dagoela eta hura husteko lanak abian direla (katenaria jada desmuntatzen ari dira) azaltzeko kutsua izan du; baina baita PSE-EEren barruko aitortza kutsua ere, bai hitzetan zein iruditerian.
Hizketaldiaren hasieran datu bat eman du sailburuak. 6.200 erabiltzaile izan ditu Antxoko geltoki berriak larunbata eta igande artean. “Hasierako egunak ondo joan dira. Denak ondo funtzionatu du eta ez da arazorik egon. XXI. mendeko estazioa du orain Antxok, zabala, modernoa, irisgarria. 1912an inauguratutako zubibide honetan dagoena ordeztu du. Eta ez dugu denborarik galdu. Geltoki berria martxan jarri, eta zaharreko elementuak kentzen hasi gara. Azkenik, biaduktua kenduko dugu”. Behin hori kenduta, Antxok 2.800 metro koadroko eremu librea irabaziko duela zehaztu du Garcia Chuecak.
Zubibidea ez dute ohikoak diren eraiste tekniken bidez egingo; zatika kenduko dituzte bertako piezak, etxe artean izanik tentuz egin beharreko lanak direlako. Prozesua luzea izango dela (hamabi hilabetekoa) adierazi du Garcia Chuecak, eta kontu handiz egin beharreko lanak direla berretsi albo-alboan etxebizitzak daudelako. Gainera, biaduktua kenduta, kale edo espazio zabal bat irabaziko duela Antxok azaldu du Jaurlaritzaren ordezkariak, eta “egun arku horiek duten paisaia anakronikoa” ezabatuko dela ziurtatu. Behin zubibidea kentzen denean, horren urbanizazioa Pasaiako Udalari dagokio, lurra udalerriarena delako. “Behin zubibidea eraisten denean, inguruko bizilagunek bizi-kalitatea hobea izango dute”, azaldu du: “Baina ez haiek bakarrik. Antxotar gehienek zeharkatzen dituzte egunerokoan arkuak, eta beste garai bateko hiri paisaiaren lekuko dira. Hori guztia aldatuko da hemendik gutxira. Biaduktua desagerraraztea gako da Antxo berri baterako bide horretan”.
Konpromisoa, eta aitortza
Garcia Chuecak zehaztu du bere kargua hartzerakoan hartu zuen konpromisoetako bat izan zela behin topoko geltoki berria martxan jartzerakoan, barrutia zatitzen duen zubibidea eraistea. “Konpromiso hura orduan Pasaiako alkate zen Izaskun Gomezen, eta Mugikortasun Jasangarri sailburu zen Iñaki Arriolaren eskutik jaso nuen. Haien hitza bete dugu. Haiek esandakoa nire egin nuen, eta esandakoa egin. Horri gestio ona deitzen zaio”.
Hainbat irudi sinboliko utzi ditu gaurko agerraldiak. Lehenik eta behin, hizketaldiak hasi aurretik, geltoki zaharraren behealdean zen Pasaia kartela kendu dute. Trenbide zenera igo, eta haren interbentzioaren azken zatian oroigarria eman die sailburuak bai Izaskun Gomezi zein Iñaki Arriolari. Topoaren zubibidearen maketa antzekoa jaso dute biek sailburuaren eskutik. “Haien konpromiso eta irmotasunagatik ez balitz, litekeena da gaur hemen ez egotea hau guztia esaten. Pasai Antxorentzat aro berririk ez legoke. Iñakik eta Izaskunek akordioetara heltzeko, eta horiekin herritarren alde egiteko adibidea eman dute”.

