Bapo bazkalduta hasiera eman diote Gazte Egunari
Kamiseta berdeak jantzita atera dira Oiartzungo gazteak, Xanistebanetako Gazte Eguna dute gaur ospatzeko eta gazte bazkarian ehunka lagun bildu dira.
Atzo, Oiartzungo Baserritar Eguna izan bazen ere, gaur gazteen txanda izan da. Gogoz eta indarberrituta jaiki dira baserritarrei lekukoa hartzeko eta egun batez jaietako protagonistak izateko. Kamiseta berdea soinean kalera atera dira gazteak, eta 13:00ak aldera txosnagunera hurbiltzen hasi dira. 11:45ean, Alaia Martin, Nerea Ibarzabal, Julio Soto eta Unai Iturriaga bertsolariak bertsotan aritu dira, eta haiek amaitu bezain pronto, gazteen txanda heldu da. Bertan hasiera eman diote Xanistebanetako aurtengo Gazte Egunari. Jaiek urtero omendu bat duten bezala, gazte egunak ere badu zein omendu gaurkoan: Bianditz-Domiko Bizirik Taldea.
“Bianditzen bederatzi dorre erraldoi jarri nahi ditu Repsol enpresak parke eoliko bat eraikitzeko. Lainotuta dago eguna, eta gaur ez dugu oso ondo Bianditz ikusten, baina jasangaitza izango lirateke bertan bederatzi dorre erraldoi jarriko balituzte eta gauden tokitik hori ikustea”, adierazi du Egiar Otegi, Bianditz-Domikoren kideak. Bide beretik, “Josu Jon Imaz eta konpainia” ere gogoan izan dituzte Gazte Eguneko txupinazoan. “Ez zaigu bidezkoa iruditzen gure herriko mendietan halako proiekturik egitea, Oiartzunen jendeak proiektuaren aurka egin ditugun mobilizazioetan zein hitzaldietan erantzun du”, gehitu du. Horregatik guztiagatik, gazteei dei egin die proiektuaren aurka mobilizatzeko etorkizuna euren esku egon dadin: “Gure herrian bizi nahi dugu, eta proiektu hau denen artean geldiaraziko dugu”. Proiektu honen aurkako txapak salgai izango dituzte txosnetan jaiak iraun bitartean.
Bianditz-Domikorekin batera, Biyurrienea eta Oiartzungo Asanblada Feministako kideak izan dira egunari hasiera emateko ekitaldian. Beste behin ere, Oiartzungo Asanblada Feministak azpimarratu du jaiak gozatzeko direla, eta Oiartzunen ez dutela inongo erasorik onartuko. Txupina eduki ez arren, gazteek elkartasunerako eta ospatzeko topa egin dute txosnagunean. Ekitaldia amaitzeko Egiar Otegi bertsotan ere aritu da, eta proiektuaren salaketa bertsotan egin du. Txalo zaparrada batekin jaitsi dira eszenatokitik, eta Doneztebe plazarako bidea egin dute elkarrekin.
13:30erako iragarrita zegoen bazkaria, eta goizean zehar dena prestatzen aritu diren gazteei esker ez dute gehiegi itxaron behar. Mahaiak prest, kuadrillak euren txokoa aurkitzen izan dira Doneztebe plazan. Eguraldia kili-kolo, denak estalpean izan dira bapo bazkaltzen, karpetan zein udaletxeko arkupeetan. 14:00etarako gehienak eserita zeuden arratsalderako eta gauerako indarrak hartzeko prest. Gaurkoa egun luzea izango dute gazteek, eta ordu txikiak arte kamiseta berdeek kaleak beteko dituzte.
Jarraian, Gazte Eguneko txupinazoan eta bazkarian HITZAk ateratako argazkiak:
Xanistebanak 2026, egitaraua
Abuztuak 5, asteazkena:
- 17:00 txoko jolasak, Arizmendienean hasita. Antolatzailea: Haurtzaro ikastola
- 17:00 Jokoak Landetxeko atarian, 18 urtetik gorako oiartzuarrentzat. Antolatzailea: Gazte izanak Elkartea
- 18:00 34. arin-arin eta fandango txapelketa, gaztetxoentzat, Landetxe Kultur aretoan. Gipuzkoa osoko dantzariak, 16 urtetik beherako neska-mutilak, Lartaun txistulari taldearen doinuekin dantzan. Antolatzailea: Aldeguna Elkartea.
- 18:00: Elektrotxuflak gidatutako poteoa tabernaz taberna. Antolatzaileak: Biyurrienea
- Jarraian Gazte eguneko jolasak, txosnagunean. Antolatzaileak: Biyurrienea
- 19:30 Dantza Bilera, Beltran Laukotea eta Lorena Zalakain Dantza-Gidaria, Landetxe Plazan ( Kontzejupean). Antolatzailea: Soinuenea Fundazioa
- 21:30 Diskoberri festa, Landetxeko aretoan, gaztetxoentzat. Antolatzailea: Haurtzaro ikastola
- 22:30 Dantzaldia, Doneztebe Plazan. Patxi Perez. Antolatzaileak: Musika Batzordea
- 23:00 Fifi eta Fefa, txosnagunean. Antolatzaileak: Musika Batzordea
